Itxi

Faktoria

Julen Orbegozo

'Erruduntasun sindromea'

Pandemiaren hirugarren olatuari lotuta jende askorengan zabaldu den erruduntasun sentimendua eta aginte postuetan daudenen autokritika zintzo falta izan ditu hizpide Julen Orbegozok bere 'Sinadura'n.

  • Julen Orbegozo

    Julen Orbegozo

    3:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Julen Orbegozoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Bazetorren.

Bagenekien etorriko zela.

Eta jakinda ere, 3. olatuaren aparrak, irentsiko du uste baino hondartza zati handiagoa. Olatuak, erretiratzen denean, gure hondartzan, uzte baino goragoko tokian utziko du erresaka honen aztarna.

Eta, ari natzaio honi guztiari harrapatzen kirats paternalista apur bat. Uste dut, agintariek, propaganda ofizialaren aparatukoek, tranpa handi bat egiten ari direla.

Begira, nik ikusi dudanagatik, herritarrok bagenekien 3. olatua gure kostaldera iritsiko zela. Baina ez genekien ze intentsitarekin. Horregatik, uste genuelako zuok, agintariok, guk baino informazio gehiago eta landuagoa zenutela, horregatik, bete genituen zuek emandako gomendio eta aginduak.

Ez da egia, beraz, zabaltzen ari den ustea. Komunikabideak etengabe ari dira salbuespena aipatzen. Baina gabonetan, kasurik gehienetan, ez ginen 6 baino gehiago bildu etxeetan;  etxeratze agindua zintzo bete genuen; distantzia soziala tentuz mantendu genuen; eta hala ere, kutsatu egin ginen.

Sekulako erruduntasun sentimendu bat hedatzen ari da jende askorengan: batzuk kutsatu zirelako, besteok orain gutxi kutsatu garelako, eta beste batzuk laster biziko dute sentimendu hori, aurki kutsatuko direlako. Mundua errudun eta bekatariz betetzen ari dira.

Nahiko injustua iruditzen zait.

Hamapiku mendetan eliza katoliko apostolikoak lortu duen hori lortzen ari dira orain agintari politikoak, hilabete gutxiren bueltan: erruduntasun sentimendua hedatzeko mekanismoak berrasmatu dituzte.

Baina, aizue, itsasontzi honen lema eramateko aukeratuak izan zareten horiek: zuek daukazue guk baino informazio gehiago, zuek daukazue jendea, profesionala, zientzialariak, diru publikoa gai honetan inbertitzeko; zuek daukazue dekretuak sinatzeko ardura eta gaitasuna. Eta hala ere, gu gara errudunak?

Uste dut, oro har, nahiko zintzo jokatu dugula eta sistema politikoari eman diogula, beharrezko kritika apurrarekin, zilegitasun osoa, testuinguaren interpretazioak egin eta neurriak hartzeko.

Eta hala, gu, herritarrok, gara arduradunak. Agintariok daukazuen baliabide, kapazitate eta zuzendaritzarik ez dugunean.

Aizue,  uste dut herritarrok, oro har, bete dugula gure partea.

Entzule hori, kutsatu bazinen, kutsatuta bazaude edo kutsatzeko beldur bazara, ez sentitu errudun. Ez da zure errua izango. Ez duzu ezer txarrik egin.

Erresidentzietako langileek eta senideek, ez duzue ezer txarrik egin. Zu, entzule gazte, ez duzu ezer txarrik egin. Haurrak aitite-amamen zaintzapean dauzkazuen gurasoak, ez duzue ezer txarrik egiten.

Neurriak bete, zentzuz jokatu. Baina ez sentitu errudun".

Arauak jartzea agintarien ardura da. Eta bazekiten etorriko zela.

Bazekiten ere txertoa etorriko zela, eta jaun andreok, asunto hori eskandalu bat izaten ari da.

Aginte postuetan ez gauden herritarrok egin dugu autokritika nahikoa.

Noiz egingo duzue zuen autokritika zintzoa? Noiz arte uste duzue herritarrok zuekin sinisten eta fidatzen jarraituko dugula?

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia