Itxi

Faktoria

NEKE PANDEMIKOA

Aritzeta: "Hau amaitzean gure arteko harreman hurbila berreskuratu beharko genuke"

Mikel Yarza | EITB MEDIA

Neke pandemikoak gazteengan eta gizarte osoan izan duen eraginaz mintzatu zaizkigu laugarrenenez konfinatuta dagoen Izar Araolaza, haren aita Oier eta Aitor Aritzeta, EHUko psikologia ikerlaria.

  • Gazteak ikaslegan.

    Gazteak ikasgelan.

    23:27 min
imagen player
imagen player
imagen player

Neke pandemikoa: modu horretan izendatu dute desafekzioa, gutxiespena, mesfidantza eta neke mentala eguneroko portaera bilakatzen dituen gizarte joera. Gizarte osoarengan du eragina joera honek, baina arrasto bereziki sakona utzi du gazteengan. Bizitzako urrats berrien atarian ezjakintasuna areagotu da euren artean, harremanak murriztu eta emozioak epeldu behar izan dituzte. Kaleko bizitasunetik, etxeko lau hormen artera itzuli dira.

Eibarrera jo dugu laugarrenez konfinatuta dagoen Izar Araolaza 16 urte gaztearekin hitz egiteko eta azaldu digu zeinen zaila den eskolak etxeko gelatik, isolatuta jarraitzea. Haren aita Oierrek, berriz, pandemiak alabarengan eta etxeko giroan utzi duen arrasto emozionalaz mintzatu da.

Neke pandemikoak gazteengan ze eragin izan duen ikertu du Aitor Aritzetak, Euskal Herriko Unibertsitateko psikologia irakasleak. Gazteen larruazalean jartzearen garrantzia azpimarratu du, izan ere, adina tarte horretan "euren lekua topatzen ari dira munduan" eta larritasun sentimendua ezinbestean areagotzen zaie ezin badute euren artean harremanik izan.

Aritzetaren ustez, gazteen beharrak "txikeriak dira heriotza tasekin eta ZIUetan dauden pertsonekin alderatzen baditugu", ez ordea gazteen eta gizartearen garapen psikoafektiboa kontuan hartuz gero. "Gauza bakoitza bere tokian jarri beharra dago, halako sinplifikazioetan erori gabe" gaineratu du EHUko ikerlariak. Erakundeak eta gizartea gazteen beharrez ohartzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu, baita erantzun bat ematea ere.

Egungo gizartean teknologiak sekulako pisua duela iritzi dio Aritzetak eta horrek izan dezake ondoriorik ikuspuntu emozional batetik. Zentzu horretan espero du gizartea ohartuko dela pertsonen arteko harreman fisikoek duten garrantziaz. "Hau guztia pasatzen denean berreskuratu beharko genuke pertsonen arteko harreman fisiko hurbil hori", Aritzetak funtsezkotzat jo du horri garrantzia eman eta batak bestea zaintzea, Europa mailan oso zabalduta dagoen neke pandemikoari aurre egiteko.