Faktoria
Pilar Kaltzada
'Joko-arau zaharrak'
Pilar Kaltzada
Pandemia, transformazio digitalaren inpaktua eta joko-arau zaharrak izan ditu hizpide Pilar Kaltzadak bere 'Sinadura'n.
-
Pilar Kaltzada
2:37 min
Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Munduko Osasunaren Erakundeak alarmaren botoia sakatu baino bizpahiru hilabete lehenago, sare sozialetan ezohiko sukarrarekin zetorren neumonia eta eztula lehorraren berri argitaratu zuten milaka erabiltzailek. Pandemiaren kurba Twitterren hasi zen gora egiten osasun-sistema tradizionalak ohartu baino lehen.
Scientific Reports agerkarian eman dute horren berri, Italiako ikerketa-zentro batek jarraitu dituen peskizetan oinarrituta. Txio, argazki eta enparauez osaturiko mapak argi erakusten du mezuek ekaitza iragarri zutela, argitalpenen jatorria handik hilabete pare batera pandemiak gogorren astindu zituen eskualdeak baitziren, Lonbardian edo Madrilen, kasu. Osasun-inkestak egiten dituztenak, baina, itsuak dira datu digitalen aurrean.
Transformazio digitalaren inpaktuaz hitz egitean ahoa bete egiten zaigu, baina ez gara kapaz izan pandemiaren kontra erabiltzeko. Ez dira inondik ageri Sillicon Vally -ko bisionarioak, gure bizitzaren berri merka zurrean saltzen negozio mundiala eratu dutenak. Sareko gure jarduera zelatatzen badute iragarki-andana aurkezteko, ezingo lukete arrisku-praktikez ohartu, fokoak detektatu, segimendu-bideak erraztu eta bizkortu?
Gaitza hamarkada pare bat lehenago agertu izan balitz bezala ari gara, sistema tradizionalekin, eta horiekin bakarrik. Txertaketa joan den mendeko osasun-estrategia da, eraginkorra eta ezinbestekoa, baina teknologia sozial zaharreko moldean oinarrituta. behatzaileek telefonoz deitzea, zer esanik ez. Detekzio eta kontrol-sistema eraginkorragoak behar ditugu, eta harritu egiten nau milioika herritar —hau da, gaixo edo kutsatzaile potentzial— elkarrekin sortzen dugun informazioa ez baliatzea.
XXI. mendeko lehen pandemia da hau —baina ez da azkena izango, ia seguru—.
Oraingoz XX. mendeko jokalariak baino ez dira ari lehen lerroan, joko-arau zaharrekin".