Faktoria
Italiako krisi politikoa
"Italia horrelakoa da horrelakoa delako"
Mikel Rotaetxe | EiTB Media
Mario Draghik gobernua osatzeko enkargua jaso berritan, Italia astindu duen operazio politikoaren gakoei heldu diegu Faktorian Ane Irazabal eta Mikel Reparazekin.
-
Mario Draghi
12:46 min
“Krisi politikoa Italian eta teknokrata bat lehen ministro izateko bidean”. Asteko lerroburua da Italian. Baina jakina da beste toki batzuetan ezinezko dirudiena jada gertatu dela Dante eta Sorrentinoren herrialdean. Giuseppe Conteren gobernua deseginda, Mario Draghi EBZeko presidente ohiak du exekutibo berria osatzeko agindua. Eta gauza bera gertatu zen 2011n: Angela Merkelen eta Draghi beraren presioz, Silvio Berlusconi kanporatu, eta Mario Monti Europako komisario ohiak hartu zuen aginte makila.
Azken 73 urtetan 66 gobernu eta 29 lehen ministro izan dituzte Italian eta Euskadi Irratiko "Faktoria"n azken zurrunbilo politikoaren gakoak aztertu ditugu Ane Irazabal EITBren Erromako berriemailearekin eta Mikel Reparaz ETBko nazioarteko arlo-buruarekin: Nork eta nola egosi du Draghi Italiaren gailur politikora eraman dezakeen operazioa? Ze interes daude atzean? Zer egingo du oposizioak? Nola da posible Italiak ez izatea demokratikoki aukeratutako lehen ministrotik Berlusconitik?
Italiako nahasmasaren gakoak Faktorian, Italiako ska doinuz jantzitako solasaldian.