Sinadura
Julen Orbegozo
"Fase berria, Katalunian"
Kataluniako hauteskundeak bertan direla eta, Julen Orbeogozok bere 'Sinadura'n denboran atzera egin du etorkizuna ikusteko.
-
Julen Orbegozo
2:53 min
Julen Orbegozoren ‘Sinadura’ “Faktoria"n.
Tarragonara kazetaritza ikastera joan nintzenean, 2007-2008 ikasturtean, ez nuen, oraindik, politikagintzan interes handirik. 13 urte igaro dira. Garai hartan hasi zen, ikerlarien iritziz, “Pop politikaren” aroa: politikariak blogetan idazten hasi ziren, Twitter kontuak ireki zituzten eta entretenimendurako produktu komunikatiboetan agertzen hasi ziren.
Berlusconi, Obama, Zapatero. Euskal Herrian Basagoitik “Basagoiti 3.0” kanpaina abiatu zuen, eta Francisco Javier Lopez konturatu zen bere potentzial handiena Jaurlaritzara heltzeko “nick” atraktibo baten zegoela: Patxi. Patxi Lopez. “Patxi Lopez, Rock n’roll lehendakari”, zioen Rolling Stone aldizkarian argitara eman zen erreportaje bateko titularrak.
Aldiz, Katalunian, pertsonai aspergarriago bat zegoen President gisa 2008an. Port Aventurara joateko kide inork aukeratuko ez lukeen lagun horietako bat: José Montilla, PSCkoa. Gogoratzen duzue? Tipo lasaia, kopetiluna, arnasik inoiz berotzen ez zuena.
Gure kazetaritzako klaseetan sarri hitz egiten genuen politikaz, portzierto. Independentismoaren e-fer-bes-zen-tzia eta epika garaia hastear zegoen.
Bada, Montilla eta Illak, errimaz harago, badute zerbait amankomunean: biak dira Madrilen ministro izandakoak. PSOEk arrunki baliatzen du Madrileko eskaparatea probintzietan boterea irabazteko.
Eta oraingoan ere, uste dut jokaldia borobil atera zaiola edo aterako zaiola: pertsonai ezagun bat, errelato edo misio argi bat eta postura ideologiko moderatu bat. Hala, estrategia, Catch All edo alderdi “atrapalotodo” gisa funtzionatu dezakeen formula erabili du: En Comú Podem eta Ciudadanos, bereziki, husteko apustu nabarmena egin du.
Catch all party delakoak dira PSC, Esquerra eta Junts X Cat. Aspiranteak En Comú Podem eta Ciudadanos. Eta marjinetakoak Cup, Vox eta PDcat. Bide batez, Otegik eta EH Bilduk Cup eta ERCren arteko ekidistantzia apurtzeak ere norabide horretan doan jokaldi gisa interpretatzen dut: jende gehiagorengana, xede talde pluralagoengana heltzen den alderdiarekin lotzea ere bere irudia.
Bada, igande honetako galdera bikoitza botatzera ausartzen naiz:
- Illak lortuko du hauteskundeak irabaztea?
- Bi blokeen artean, independentista eta unionisten artean, zein suertatuko da garaile?
Nire pronostikoa da, ordea, hurrengo asteetan sortuko dela bloke horiek apurtuko dituen Govern-a. Eta hala, fase berri bat irekiko dela Katalunian. Montilla in Memoriam, orain ez hainbeste, Katalunian, Sozialistak, Republikanoak eta ICV-ko komunistak zeuden gobernuan. Blokeak nahasten dituen akordio zabaletara heltzeko malgutasuna duten alderdi horiek aterako dira garaile, alegia, PSC eta Esquerra.