Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

'Maiteminak'

Kataluniarekiko izan eta galdu genuen maitemina izan ditu hizpide Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:40 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizek 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Kataluniarekin maitemindu ginen. Horretarako, lehenago ikasitako Paisös Catalans berriro desikasi behar izan genuen. Eta zoro-zoro maitemindu ginen, Katalunia berri hura inoiz ikusi izan ez bagenu bezala.

Geurean, epika armatuak aspaldian zentzua galdua bazuen ere, Estatuak bere mesedetan zerabilen espiral hartatik irten ezinik genbiltza. Euskal Herrian negoziazio politiko baten irudikeria gero eta urrutiago, Katalunian gure nahi eta ezin guztiak gorpuztu ziren. Kataluniarrek boto-ontziak zuten arma bakarra eta geldiezinak ziruditen. Haien bide baketsu, jendetsu eta demokratikoak urruti-urrutira zeramatzan, haiek eta gu ulertu nahi ez gaituen Espainiatik urruti behinik behin. Gainera haien esku  zegoen giltza bera zen haien muga bakarra: haien borondatea.

2017ko urriaren 1ean, Estatuak debekatutako erreferenduma egitera ausartu ziren eta epika berri bat sortu zen. Eta gu guztiok liluratuta, noski. Espainiak erantzun zuen dakien modu bakarrean. Bere gobernuko presidenteordearen aburuz, normaltasun demokratiko osorik ez duen Espainia horrek ez dakielako arazo politikoei elkarrizketaren bidez erantzuten. Jakina, errepresioak mito berria handitu egin zuen. Agian mitoa hain handituta, ezen eta oztopo bilakatu baitzen independentisten bidean, harrezkero ia edozein urrats mitoarekiko traizio bihurtuta.

Arazoa da, han eta hemen, mitoak eta gizarte konplexu baten errealitatea gaizki ezkontzen direna. Hala, Katalunian independentismoa bere helburuetatik aldentzen eta bere kontraesanetan itotzen hasi zen. Bere barne lehietan galduta, Kataluniako independentismoa arrunt bilakatu zen. Edo agian ez, baina gure begietan arrunta zen, honezkero ez geundelako maiteminduta.

Epika iradokitzailea da, kontakizuna osatzen laguntzen eta bidea egiteko indarrez betetzen gaituelako. Independentziaraino eraman behar gaituen bidea egiteko, ordea, ez da aski. Gizartearen konplexutasuna ulertu, kontuan hartu eta desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana ere ezinbestekoak dira noizbait independentzia lortzeko. Independentziak ez baitu dagoeneko garenok independentistagoak izatea behar, baizik eta independentista gehiago, askoz gehiago".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia