Faktoria
Amatiño
'Beste ataka bat'
Atzo aurkeztutako Eukal Hidrogenoaren KOrridorea izan du hizpide Amatiñok bere 'Sinadura'n.
-
Amatiño
2:24 min
Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Atzo aurkeztu zen, Bilbon, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen egitasmoa. Behar izango diren inbertsio galantak, sortaraziko dituen lanpostuen kopuru handiak eta erakarriko dituen onura ugariak edonor zorabiatzeko bestekoak dira. Hala ere, xehetasunok gutxietsi gabe, azpimarratzekoak dira egitasmoaren funtsezko zertzelada bi:
Batetik, egitasmo horren bizkarrean ziklo-aldaketa nabarmena datorrela. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen, ezta urte batetik bestera ere. Baina beti da mugaren bat, erromara edo langaren bat, non eremuak, soroak edo lur-sailak bereizten diren. Eta atzokoa, hain zuzen, atzera buelta ezinezko ataka izan zen, euskal energiaren sektorean hurrengo urteetan hidrogenoa eta erregai sintetikoak gero eta gehiago erabili ahal izateko.--
Bestetik, atzoko erabakia ez da norbaiti afalostean otu zaion beroaldia, ezta gau erdiko ahuntzaren eztula ere, dozena erdiren bat erakunde publikok eta hirurogeita hamar inguru enpresa pribatuk elkarrekin sinatutako proiektu zehatza baino.--
Behar-beharrezko azpiegitura arloan, Euskadin sortu ziren, orain dela mende erdi baino gehiago, Iberduero eta Petronor bezalako enpresak. Datorren urtean beteko dira berrogei urte, Euskal Erakundearen Energia sortu zela etxerik etxe gasa banatzeko. Hogeita hamar urte, berriz, Eusko Jaurlaritzak zuntz optikoa zabaltzea erabaki zuela, eta, hamar urte baino gehiago, auto elektrikoa kargatzeko euskal teknologia lantzeari ekin zitzaiola. --
Ez ziren egun bateko txorakeriak izan, euskal ekimen publiko-pribatuak suspertutako oinarri-oinarrizko egitasmoak baizik, gaur egun indarrean ditugunak, beti horrela izan balira bezala. Baina ez, ni jaio nintzean behintzat, ez zen horrelakorik ezer. Gero etorri dira aipatutako denak.--
Ea hogei edo berrogei urte barru, gutako batzuk ordurako izango ez garen arren, hidrogenoaz ere beste antzerako zerbait esaterik dagoen irrati honetan. Ez da seinale txarra izango".