Faktoria
Amagoia Gurrutxaga
'Oi Pello, Pello'
Goya sarien banaketan Maite Arroitajauregik eta Arantzazu Callejak eman zuten hitzaldia eta Facebookeko emanaldian izan ziren iruzkin matxistak izan ditu hizpide Amagoia Gurrutxagak 'Sinadura'n.
-
Amagoia Gurrutxaga
2:44 min
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Mursego maitea eta Arantzazu Calleja, soinu banda onenaren Goya saria jaso berri, txalo zartaka emakume izen zerrenda luzea aletzen. “Elkarri eskua emanda jarrai dezagun bidea; elkarri eskua emanda luza dezagun bidea”, kantatu zuten.
Eskertu nien kanturako indarra, emakumeon eskubideen aldeko borroka indargabetzeko mekanismo zaharberrituen garaiotan. Badakizue: ‘Oi Pello Pello’ sindromeak bizi gaitu; sekula ez zaigu atseden hartzeko tenorea iristen; gure aldarrikapenak asetzea beti gerora daiteke, beti bada garrantzitsuagoa den beste zerbait.
Gidoi zaharraren azken eguneraketa: ez omen da komeni 2021eko martxoak 8 honetan kalera irtetea, pandemiagatik, pandemiak berak erakutsi digun arren matxismoa gainditu gabeko izurrite zaharrena dela, unibertsala erabat. Baita Mendebalde ustez aurreratuenean ere.
Hala, etxeko ordaindu gabeko lanen parterik handiena emakumeok egiten segitzen dugu hemen ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, lanon % 67’2 egiten ditugu, Eustatek jakinarazi berri duenez. Eta hiru herrialdeok ez dira salbuespen.
Eta zer esan emakumea haragi puskatzat jotzeko tradizioaz? Ez dakit, esaterako, entzun ote dituzuen Espainiako telebista publikoak Facebook bidez zapatuan egin zuen Goya sarien emanaldiaren audioak, non erreportari grafiko gizonezko bi aktore eta kantari emakumezkoen inguruan ari ziren, hizketan. Ekitaldira joandako kantarietako bat putatzat jo zuen batek, lasai arraio, itxuragatik. “Ez dakit nondik atera duten, baina pentsatu dut: honek kobratu egiten dik! Baina puta, puta... seguru!”, zioen. Besteak, ‘beretzat’ nahi zuen putatzat jotako emakume hura. Elkarrizketa pribatua zen, bai horixe; mikroak eta kamerak itzalita daudenean ohikoak diren horietako bat, alegia.
Gainontzean, ondo. Ez matxista ez feminista ez diren horien munduan, bereziki.
Laburbilduz: kaleetan ikusiko dugu elkar. Gaur ere bai".