Faktoria
Migranteak, Irunen harrapatuta
'5 ahalegin egin ditugu baina, bagoaz orain berriz ere, muga zeharkatzera'
Oihane Yustos | EiTB Media
98 migranteek pasa dute gaua Irun eta Hondarribian prestatu dituzten aterpetxeetan.
-
Irun, Gurutze Gorriko aterpetxean gaua pasa duen migranteak
15:06 min
'Kanarietatik abiatu, Madril edo Valentzia barrena bidea egin eta Irunen harrapatuta gelditu gara'. Kontakizun hori behin eta berriz entzun dugu gaur "Faktoria"n albistegian, Irungo aterpetxeetan gaua pasa duten migranteen ahotan. Ia 100 dira, 98 zehatz esana, horien artean 20 emakume eta gurasoekin etorri diren 4 adin txikiko. Malikoak dira gehien-gehienak eta frantziar estatura joan nahi dute. 'Senideekin elkartu nahi dugu' kontatu nahi du Sanbayaktek, 'Parisen ditudan bi anaiengana joan nahi dut' gaineratu du Majma Dik. Irunera iritsi diren migranteetako bi dira, 5 ahalegin egin dituzte Gipuzkoa eta Lapurdiko muga zeharkatzeko baina, guztietan itzuli dituzte. Eta seigarrenari ekingo diote gaur bertan.
Irungo Harrera sarearen arabera, azken 15 egunetan asko handitu da migranteen etorrera. Egunero 5-10 bat iristen aritu dira, bi astetan 200 bat etorri direla esan digute. Baina, Frantziar Estatura ezin pasa daude. Eusko Jaurlaritzak kontigentzia plaren 2. fasea jarri du abian. Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako asilo zuzendariak Faktorian kontatu da, asteburuan 'guztiek aterpea' izan dutela. Espainiako atzerri gaietarako ministerioarekin hartu emanetan jarri nahi dute, 'ministeritzarekin gutxieneko koordinazio bat lortu behar dugu, Irunera heltzen diren pertsonen perfila beretsua da eta administrazioen artean landu behar dugu, ezin dugu bakoitza bera aldetik ibili'.
Kanariar uharteetan etorkinekin lanean ari da Iñigo Zabaltza bizkaitarra, boluntario lanetan. Hoteletan, gaztelania irakasten die. 'Hotelak hustutzen ari direla' kontatu digu, 'gobernua ari da jendea ateratzen apurka, batez ere Malikoak, asiloa eskatzeko bidea errazagoa dutelako, gerra egoeran daudelako'. Hoteletan ostatu hartuta daude migranteak eta Iñigo Zabaltza lan egiten duen hoteletik, '140 lagun atera dituzte eta Murtziara eraman dituzte'.