Faktoria
Amagoia Gurrutxaga
'Agenda'
68ko Maiatzetik abiatuta, kultura eta agenda kontuak izan ditu hizpide Amagoia Gurrutxagak 'Sinadura'n.
-
Amagoia Gurrutxaga
2:42 min
Amagoa Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Gaurko egunez piztu omen zen 68ko Maiatza deitu zitzaion mugimenduaren poxpoloa, efemerideek diotenez. Parisko Odeon antzokia izan zen mugimendu haren erdiguneetako bat. Kulturgune garrantzitsua zen oso, eta ikasleek 1968ko maiatzaren 15ean okupatu zuten.
Oraintxe bertan, Parisko Odeon okupatuta dago berriro ere, hil honen 4tik. Kultur munduko langileak dira okupatzaileak aldi honetan; zinema zein musika areto, antzoki, zirko eta museoak irekitzea eta kultur arloko langileentzako laguntzak handitzea eskatzen dute. Kultur jarduna etenda dagoelako urritik han eta hemen, Frantziako Gobernuaren erabakiz. Hala, Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik hirutan ez dago kultur ekitaldirik azken hilabeteotan; beste lauetan, berriz, emanaldiak egon badaude, baina urri. «Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego?», galdetu zuten iaz hemen 550 kulturgilek baino gehiagok, apirileko bi egunetan greba digitala egiteko deia zabaltzearekin bat. Sektorearentzako neurri espezifikoak hartzea eskatu zieten erakunde publikoei. Ordutik gaurdaino, ipar, hego, eki zein mendebalde, kulturgile askoren egoera larriagotu egin da.
Ainara Azpiazu ‘Axpi’ ilustratzaileari atzo irakurri nion BERRIA egunkarian: «Kultura bere kabuz sostengatzen dela ulertzen dugu, eta ez da hala. Egitura eta babes bat eman behar zaio, eta, edozein langilek bezala, guk ere gure lan baldintzak bermatuak izatea merezi dugu». Hain oinarrizkoa dena ere azaldu beharrak berak zerbait esan nahi du.
Eta gaur, Baionako Michel-Portal antzokian dute hitzordua kultur eta ikuskizun arloko langileek, 12:30ean. Odeonen hasitako okupazio sokaren jarraipen ekintza izan daiteke. Izan ala ez izan, galderak hor jarraitzen du, gure lurralde eta iritzi publiko turistifikatuetan: kulturak egiten bagaitu benetan, zergatik ez du gure agendaren erdigunea okupatzen?"