Itxi

Faktoria

Itxaso Atutxa, EAJ

"Ekaina bukaerarako etor litezke udaberrirako aurreikusita zeuden eskumenak"

Oihane Yustos | EiTB Media

Bizkaiko jeltzaleen presidenteak Aste Santurako indarrean egon diren murrizketa-neurriak defendatu ditu, "bete izan balira nahikoa" liratekeela esanez.

  • Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea

    Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea

    27:16 min
imagen player
imagen player
imagen player

Eskumenen atzerapenak alarma gorriak piztu ditu Eusko Alderdi Jeltzalean. "Beti izan ditugu, kontua da zenbateko indarrarekin dauden" esan du "Faktoria" albistegian Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Espainiako gobernuak iragarri du "atzerapen teknikoak tarteko", udaberrirako iragarrita zeuden eskumenak atzeratuko direla. "Atzerapen teknikoak esaten dutenena beldurtzen naiz", aitortu du Atutxak, "azken 40 urtetan hori entzun dugu PP eta PSOEko gobernuetatik, eta, sarritan, aitzakia ederra izan da beste erabaki politiko batzuk ez hartzeko".

Zuhur begiratzen diote jeltzaleek Espaniako gobernuari, "batez ere orain, Moncloan egonkortasuna kasik egunero kolokan ikusten dugunean", gaineratu du Bizkaiko EAJren buruak eta iragarpena egin du: "orain esaten dute uda aurretik, ekainaren bukaerarako egon litezkeela oraingo aurrikusita zeuden eskumenak". Horren zain daude jeltzaleak baina aurreragora ere begiratzen dute: "ikusi behar dugu udazkenean zer gertatzen den, beste eskumen taldea dugu eta hor oso garrantzitsua izango da trenaren eta mugikortasunaren inguruko gaiak ditugulako eta urte amaierarako, fiskalitatearen inguruan dauden transferentzien esku-aldatzea posible ote den ikusiko dugu".

Pandemia neurria

Realaren eta Athleticen kopako finalean ikusitako istilu eta pilaketez galdetuta, "zentzugabekeriatzat" jo ditu Itxaso Atutxak. Ez du uste neurri gogorragoak behar zirenik, "1.000 herritarrek egin dituzten txorakeriengatik, besteek konfinatuta egon behar dute edo neurri gogorragoak hartu? Osasun egoera larrian gaude eta denok erantzunkizunez jokatu behar dugu", gogoratu du Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Ideia hori errepikatu du Aste Santurako hartu diren murrizketa neurriez galdetzerakoan: "hartu ziren neurriak betez gero, non dago arazoa?". Atutxaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ez du gustuko ez diren neurriak hartzeko prebentziorik; "hartu diren batzuek hainbat jende haserretu dute, oreka ez da erraza, neke pandemikoa badago baina erantzunkizunez jokatu behar zen".