Itxi

Faktoria

Espetxe eskumena, Euskadira

Espetxeetarako 'euskal ereduaren' erronkak

Roberto Moreno Arartekoko espetxeratuen koordinatzailearekin, Gipuzkoako Arrats elkarteko Joxe Mari Larrañagarekin eta Arrate Rodriguez Barakaldoko Goiztiri elkarteko kidearekin aztertu dugu gaia.

  • Euskal espetxeen eskumena, Faktorian

    Euskal espetxeen eskumena, Faktorian

    47:57 min
imagen player
imagen player
imagen player

40 urteren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak espetxe-eskumena izango du. Apirila amaitu aurretik adostu nahi du eskumen-transferentziaren data Eusko Jaurlaritzak, eta eskumena gauzatzen denean, Euskadin dauden 3 espetxe eta ia 1300 presoen kudeaketa egingo du Eusko Jaurlaritzak. Zer eredu ezarri beharko luke? Nazioarteko adibideren bat buruan al du? Eta presoekin lanean ari diren gizarte erakundeen ekarpenak jasoko al ditu?

Zirriborroa presatzen hasiak dira Justizia sailean eta aholkulari nagusia izendatu dute, Jaime Tapia epailea. Etorkizuneko euskal kartzelen eredura diseinatzeko bi txosten oinarri izango dituzte: Eusko Legebiltzarrak onartu zuen agiria eta 17 adituk 2019an idatzi zuten ikerketa. Espezialista horietako bat Roberto Moreno da, Ararteko erakundean espetxeratuen koordinatzailea. Berak argi ditu erronkak: gizarteratzea lortu nahi bada, sarea osatu behar da, hirugarren sektorean ari diren gizarte erakundeak diru lagundu behar dira eta espetxea saihesteko kartzela ez den beste egoitzetako plazak handitu behar dira. 'Jendea ari da zigorra osorik betetzen, orain gertatzen ari da, kanpoan bitartekoak ez daudelako. Pisuak ez daudelako. 90 urteko presoak egon dira Zaballako enfermerian eta 2-3-4 urte lehenago atera zitezkeen', kontatu du Faktorian Morenok, bere ustez, 'espetxe eskumena iristerakoan, hori da konpondu behar den arazoa. Irakurketa horrekin bat egiten dute Arrats elkarteko Joxe Mari Larrañagak eta Goiztiriko Arrate Rodriguezek. 'Itxaron zerrenda luzea dugu, kartzelako zuzendariak presoak atera nahian dabiltza baina, ezin diegu egoitzarik eskaini'. Udalen eta diputazioen esku hartze handiagoa eskatzen dute, azpiegitura 'gehiago eta egokiak' sortu ditzaten.

Presoen hurbiltzea

Espetxeen tamainaz ere aritu dira adituak, Faktorian. Morenoren ustez, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 1300 espetxeratuez gain, Estatuko kartzeletan daudenak kontuan hartu beharko lituzke Euskadiko espetxe zuzendaritza berriak: '1000 bat dira, 750 preso sozial eta terrorismoarengatik zigortu zituzten beste 200 bat. Horiek Euskal Herrira ekartzen badira, ez dago toki nahikorik espetxeetan eta plazak sortu beharko dira'.

Esti Armentia, Zaballako espetxeko psikologoa

Zaballako espetxea da Euskal Autonomia Erkidegoko handiena. 700 bat preso ditu, gehienak gizonak, eta handia da arazo psikiatrikoak dituztenen kopurua: '10tik 4k patologiaren bat dute eta %75ek gutxienez drogomenpekotasuna dute'. Esti Zaballa, Zaballako psikologoaren hitzak dira. 20 urte daramatza Estatuko presondegietan lanean, azken 15ak Arabako espetxeetan. Euskal Espetxeen eskumenak gauzak hobetu ditzakeen arren, Euskadi Irratian esan du, 'aurretik lan ona' egin dela, eta eredu berriak 'ez lukeela aldaketa handirik ekarri behar'.