Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

"Exotikoak"

Netflix, unibertsaltasuna eta munduan diren euskarri guztietan geure hizkuntzan aritu ahal izateko eskubideaz aritu da Amagoia Gurrutxaga "Sinadura"n.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    2:48 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Nik ez daukat Netflixik. Ez nago harro, baina lotsa ere ez naiz. Bakoitzak daki zertan eman nahi duen bere denbora librea, denbora kate bihurtua zaigun garaiotan.

Nik badut telebistarik, badut irratirik, badut ordenagailurik. Irakurtzeko, musika entzuteko, filmak eta beste ikusteko zaletasuna ere badut. Eta Netflixik izan gabe ere badakit erdarazko telebista kate, irrati, sare sozial eta argitaldariak gehiengo itogarria direla geurean bertan. Itogarria, bai. Mundua erdaraz kontatzen digutelako, eta, gehien-gehienetan, euskaldunik ez bageunde bezala. Eta agertzen gaituztenean, aparteko kutxatila batean erakutsi ohi gaituztelako ia beti, munduaren martxatik aparte biziko bagina bezala. Ez Dok Amairukoen eta beste askoren ahaleginak, iragana eta orainaldia lotuko dituen kultur proposamen garaikide bat euskaratik eta euskaraz egitekoak, mendeetako tradizioa duten estereotipo menperatzaileen kaiolatik irten ezinda segitzen du. Unibertsalak gara, baina exotikoak izan behar omen dugu gure gutxiengoan, bizikide ditugun erdaldun gehienak aztoratu ez daitezen. Baita hemen bertako hedabide publikoetan ere, izan autonomiko, izan estatuko. Moderniatik kanpoko postal bat izatera kondenatuak omen gaude, landa eremua hiritar posmodernoentzako atsedenerako paisaia soil bat izango omen den neurri berean -bihoakie hemendik nire babes osoa landa eremu bizigarri baten alde Aroztegian borrokan ari diren guztiei-.

Laburbilduz: geure buruaren arrozte prozesuak bizi gaitu. Horretan ere unibertsalak gara oso: aspaldi asmatu zuten hizkuntzen Superliga. Horren inguruko hamaika azterketa egingo zituzten jada mundu osoan; errezeloa daukat gurean ez diogula erreparatzen. Horregatik poztu nintzen milaka pertsonak Netflixen edukiak euskaraz izan daitezen eskatu dutela jakitean. Netflixik ez daukadan arren. Ez izate horregatik ez harro eta ez lotsa ez naizen arren. Mundua kontatzen diguten euskarri guztietan geure hizkuntzan aritu ahal izatea, eskubidea dugulako. Bai hemen bertan, bai Netflixen".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia