Faktoria
Garbiñe Biurrun
"Jaurlaritzak ahalmen osoa du neurri zehatzak hartzeko"
Biurrun magistratuak adierazi du ezin dituela neurri murriztaile orokorrak hartu, bai, ordea, toki eta pertsona-talde zehatzei lotutakoak. Jaurlaritzak ebazpena errekurritu behar lukeela uste du.
-
Garbiñe Biurrun
15:36 min
"Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpena errekurritu behar luke konforme ez badago". Horixe nabarmendu du Garbiñe Biurrun magistratu eta Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko gizarte arloko aretoko presidenteak "Goizak Gaur" albistegian. Izan ere, pare bat astean erabakiko luke Auzitegi Gorenak horri buruz, eta Espainiako gobernuak asteartean Lege Dekretu bidez "doktrina juridikoa batzeko" ahalmena eman zionez, erkidego guztietarako "interpretazio irmoa" emango luke. Erabakia iritsi bitartean "ziurgabetasun egoeran" egongo ginatekeela esan du Biurrunek, baina epe laburrerako.
Gorenaren erabakiaren norabideari buruzko iragarpenik egitera ez da ausartu magistratua. Edonola ere, azpimarratu du Jaurlaritzak, alarma egoeratik kanpo egonagatik ere, eskubide eta ahalmen osoa duela toki eta persona-talde zehatzei lotutako neurriak hartzeko, eta beste neurri batzuek ere indarrean jarraituko dutela gogoratu du: ostalaritzaren eta merkataritzaren ordutegiak, musukoaren erabilera, garbiketa eta higiene neurriak eta abarrek, horiek "ez baitute oinarrizko eskubiderik urratzen".
Nolanahi ere, Espainiako gobernuak aste honetan onartutako dekretuak ezustean harrapatu zuen Garbiñe Biurrun, ez baitu "urgentziarik antzeman hor". "Urritik gaude egoera honetan eta hilabete asko izan dira erreforma Kongresuan eztabaidatu eta bozkatu ondoren egiteko", nabarmendu du. Haratago joan da magistratua: "kontua politikoa da erabat. Jakin beharko genuke maiatzaren 9an, birusaren inzidentzia hain altua izanik, zergatik geldituko garen oinarri edo aterpe juridikorik gabe".