Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

"Libertad"

"Libertad" eta "askatasun" hitzek ez dutela esanahi bera aldarrikatu du Hasier Arraizek 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:50 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Joan den igandeak minutu bat bete zuela, alarma egoera bertan behera geratu eta pozak eztanda egin zuen. Jakina, gazteen poz hori ulertzen dut. Pandemiak asko kendu die eta orain pixka bat itzultzen ari zaiela sentitzen dute. Gainera, alarma egoerak ahalbidetu zituen neurri eta debeku batzuk ez dira oso eraginkorrak suertatu. Beraz, orain, lehen bezala, guztion osasunaren pilotek txertaketa kanpainaren abiaduraren eta herritarren ardura zibikoaren teilatuen gainean segitzen dute.

Halere, ez gaitezen engaina. Gazteen pozak zerikusi gutxi dauka, esate baterako, joan den igandeak minutu bat bete zuela, Madrilgo Puerta del Sol-en gertatutakoarekin. Eta Puerta del Sol-ekoak guk nahi baino zerikusi handiagoa dauka Bilboko auzo batzuetan edo Gipuzkoako herri batzuetan gertatutakoarekin.  Han eta hemen, gazte batzuk eta gazteak ez diren beste batzuk kalera irten eta “libertad, libertad” oihuka hemendik aurrera ia nahi duten guztia egin ahal izatea ospatu zuten.

“Libertad” omen da gauean nahi duzun ordura arte kalean egon ahal izatea. “Libertad” omen da bihar, nahi badugu, Bartzelonara kontzertu batera ala Granadara egun batzuk pasatzera joan ahal izatea. “Libertad” omen da Telepizza, Pizza Hut, Domino´s Pizza eta beste antzeko bost enpresen pizza menu berdinen artean aukeratu ahal izatea. “Libertad” omen da norberaren langile nomina zein banketxetan finkatuko duen hautatu ahal izatea, lan baldintza prekarioengatik txintik esan gabe, badaezpada ere. “Libertad” omen da zer, non eta zein ordutan kontsumitu nahi dugun erabaki ahal izatea, horregatik hobe da negozio guztiak egunero eta ahalik eta ordutegirik zabalenetan irekita egotea. “Libertad” bada, azken finean, gure ametsak akabatuko dituen borreroa guk geuk aukeratu dugula sinetsi ahal izatea. Horregatik “libertad, libertad” oihu horiek entzun eta nirekin zerikusi gutxi dutela iruditu zait.

Joan den ostiralean Logroñoko espetxean izan nintzen, aspalditik maite dudan lagun bati bisita egiten. Handik irtendakoan, kotxerako bidean, hara lagundu ninduenak eta biok gure lagunari berriro kalea zapaltzeko igaro behar duen denborari buruz hitz egin genuen. Nago “askatasun” hitzak mundu arrotz honetan ere oraindik beste gauza bat esan nahi duela".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia