Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

"Euskara ardatz"

Larunbatean Baionan euskarazko murgiltzearen alde egindako manifestazioa izan du ardatz Mikel Irizarrek 'Sinadura'n.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:30 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Handia izan da larunbateko manifestazioa Baionan; jende asko bildu zen euskaraz murgiltzearen alde, Frantziako epaitegi konstituzionalak emandako epaiaren harira. Eta ez gurean bakarrik, handia izan da Frantzian berezko hizkuntza duten beste herrialdeetan ere epai honek sortu duen erreakzioa. Aurrez frantziar botereak egoera biziki bortxatu zuen, bertan behera uzteko babes bat, hain zuzen aginte gorena den Asanbleak gehiengo oso zabalarekin ‘beste’ hizkuntzei emandako babesa. Eta mingarria egin zait bortxakeria hori sustatu –edo gutxienez baimendu- ondoren, Macronek izan duen muturrezurra esateko ‘eskualdeetako hizkuntzak babestu beharreko altxorra’ direla. Badirudi pasadizo hau baliatu nahi dela frantziar konstituzioa aldatzeko hizkuntzen atalean; horretarako, ordea, lana latz egin beharko da eta indar handia metatu.

Hizkuntza esparruan norabide bereko albisteak pilatu dira azken boladan: Irungo udalaren hizkuntza eskakizunen aurkako epaia, Nafarroan alemana euskara baino gehiago baloratzea, Baleareetako lehendakaria nola behartu duen entzule batek bere diskurtsoa gazteleraz egitera...

Esango nuke nazionalismo hegemonikoetan hizkuntza inboluzio indartsua gertatzen ari dela. Haien hegemoniari eusteko, hizkuntza propioa duten komunitateetan hizkuntzaren aurka jo ohi dute sistematikoki, garai bakoitzari dagokion indar mota erabilita, izan eskola, epaileak, polizia, medioak edota teknologia. Ze hau tarteka gogoratu beharra dago: euskara egoera gutxituan dago indarra erabili delako gutxitu zedin. Horregatik, justizia kontua ere bada egoera hori iraultzea, oztopo guztien gainetik.

Hegemonia batzuk arriskuan sentitzen direlako, hizkuntza inboluzioa ari du boladan. Eta horri aurre egin behar zaio hizkuntza estrategia sendo batekin. Estrategia bat euskara ardatzean izango duena; besterik ez bada, euskara eta hizkuntza gutxituak direlako, hain justu, inboluzioaren jomuga".