Itxi

Faktoria

Euskadi Irratia

Hezkuntzari buruzko "Faktoria" programa berezia, ostiralean, Bilboko kaleetatik

EITB Media

Ikasturtea bukatzera doan honetan, balantzea egingo du Euskadi Irratiko saioak. Bilboko Miguel de Unamuno institutuko atarian set berezia jarriko dute eta Jokin Bildarratz sailburua bertan izango da.

  • Iñaki Guridi, "Faktoria" saioaren gidaria

    Iñaki Guridi, "Faktoria" saioaren gidaria. EITB Media

Ostiral honetan, ekainak 4, hezkuntzari buruzko programa berezia egingo du Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegiak Bilbotik, Miguel de Unamuno institutuko atarian jarriko duten set berezitik.

Aurrez aurreko hezkuntzari eustea izan da aurtengo erronketako bat hezkuntza mailan eta, ikasturtea bukatzera doan honetan, balantzea egingo dute, kaletik bertatik egingo duten saio bereziarekin. Iñaki Guridi gidari, zuzenean arituko dira institutuaren kanpoaldetik. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua ere izango dute gonbidatu, 08:30ean.

Goizean zehar, bertako ikasle eta irakasleen ahotsak bilduko dituzte, eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetan ikasturtea nola joan den aztertuko dute. Nafarroan unibertsitatera sartzeko hautaproben azkeneko egunean ere egongo dira.

Gainera, Jin eta Joan atalean, hezkuntza eredu ezberdinen abantaila eta desabantailak aztertuko dituzte Aritz Agirreren laguntzarekin. Egokiena al da eduki guztiak buruz ikastea? Galdera horri erantzuten saiatuko dira.

Zuzeneko musika ere izango dute set-ean, Xatiro musikariak zuzeneko emanaldia eskainiko baitu bertan. Bilbo erdiguneko institutu horretan ikasle izandakoa da Xatiro.

Telmo Iruretak, azkenik, bere ohiko bakarrizketa eskainiko du umorerik ere ez dadin falta.