Faktoria
Itxaro Borda
"Baiona den ber"
Miarritzeko eta Baionako errugbi taldeek TOP14ko txapelketarako atxartela lortzeko jokatuko duten partida izan du hizpide Itxaro Bordak 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
3:33 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Hor dugu beraz hitz ordua ... Miarritzeko eta Baionako errugbi taldeak borrokatuko dira, datorren larunbatean, Miarritzeko zelaian: indartsuenari Top 14ko txapelketaren ateak irekiko zaizkio. Bat ala bestea izanen da, nehondik ez biak. Baionak eta Miarritzek galdu zuten iragan asteburuan, jarraitzaileak hats gabetuak utziz. Bihotza ongi behar da gero, bi hirien arteko mendeetako desafioan bizirik irauteko.
Hasiak dira bazterrak berotzen. Euskal herrian bistan dena, baina ere Landa hegoaldean edo Bearnoko mugetan. Anaia-etsaien fama, urrunera hedatzen da eta hizlari bakoitzak badu bere ikusmoldea: Miarritzeko presidentearen balentriak aipatzen dira, Baionako jokalarien ezintasun fisikoak Top 14 lehiako sosez okitu taldeen parean, eta batzuk periodikoki, bi taldeetatik bat egitearen herensugea jalgitzen dute infernuaren zazpigarren zirkulutik.
Orduan, Baionako Avironaren sustengatzaileak altxatzen gara: ez, horrelakorik ez, mailukatzen dugu, inguratzen gaituztenen harridura haziz, ez zekitelako errugbiak hainbeste pasionatzen gintuenik ere. Egia erran, behin baizik ez naiz Jean Dauger zelaian egon, justuki Amaia Ezpeldoi saileko nobela baten sarrera idazteko material bila. Aitor dut, arratsalde hartan, baionarren himnoa ozendu zelarik ikaratu nintzela, are gehiago hamabost txuri urdinak atera zirenean, bistan dena! Uste dut Eibar, Alaves, Osasuna, Real edo Athletic zaleek estadioaren mirakulua ederki ulertzen ahal dutela!
Pandemia osteko zuzeneko lehen partida izanen da gainera. Maskarekin hurbilduko dira segitzaileak Agilerako belazeetara. Hamalau hilabeteko itxialdiaren ondotik, derbi bat, zinezko opari bat da. Gure hiriek, kirol-enpresa pribatu horiei diru publiko sobera ematea kritikatzen dugunontzat barne. Mihi tzarrak gara. Ireki berri diren terrazetan maite dugu gaizki erranka aritzea. Xalbadorrek ez ote zuen behiala kantatzen anitz maitea duenak ainitz sufritzen duela?
Asteburu honetan, Baiona eta Miarritzeko karrikak, erlauntzak bezala ariko dira, burrunbaz, kolore biziak gora, pronostikoak behera, dena emateko prest: partida asko, alabaina, sofan etzanik trenkatzen dira. Enegatik, hoberenak irabaz dezala... Baiona den ber!"