Itxi

Faktoria

Pilar Kaltzada

"Eta puntu...eus"

Euskararen Interneteko abizena izan du hizpide 'Sinadura'n Pilar Kaltzadak.

  • Pilar Kaltzada

    Pilar Kaltzada

    2:40 min
imagen player
imagen player
imagen player

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Aste honetan zortzi urte bete dira euskarak bere abizen ofiziala eskuratu zuenetik munduko plazan. Ekainaren 14ean izan zen eta .eus berezko goi mailako domeinu orokorra aitortu zitzaion euskarari. Orain arte herri honek egin duen nazioarteratze estrategiarik handiena kontsidera liteke .eus hori, eta baita sinplifikazio-ariketa praktikoa ere. Izan ere, inguruko bi estatuen arteko mugetan datzan herri txiki bateko kidetzat aurkezteak beti eman izan dizkigu aparteko lanak. Euskadi? Euskal Herria? Basque Country? Gogoan dut aireportu baten "basquia" edo "txekia" ote nintzen galdetu zidatenaz. Bada, esparru digitalean abizen propioa izateak nortasuna ematen du, munduaren aurrean eta gure buruarekin.

2005. urtean, Anjel Lertxundi handiak "euskararen zortzigarren lurraldea" proposatu zuen Internet, zazpi lurralde fisikoen zabalpen ezinbesteko gisa. Eremu digitaletik kanpo betiereko hotzaldia zetorkigula iragarri zuen Lertxundik, orain begien bistakoa iruditzen zaiguna beste askok baino lehenago eta argiago jarriz. Orain erraz esan daiteke erabilera normaldutik urruti dagoen hizkuntza batek Interneten jokatu behar duela bere dema, baina egin kontu Lertxundik hori idatzi zuen garaian Twitterik ere ez zegoela, erraldoi digitalak txitatzen ari baitziren oraindik, eta berdin geunden, erabat egin gabe edo, orain sareetan eta sakelako hamaika aplikaziotan egunaren erdia baino gehiago ematen dugunok.  

Euskararen Interneteko abizena kudeatzen duen fundazioak, PustuEus-ek, 12.000 domeinu-izenen langa urte hasieran gainditu zuen. Asko edo gutxi den esaten ez dakit. Badakit, ordea, halako hiru egin duelako kopuru horrek modu estrategiko, antolatu eta jarrai batez bultza ari zaionez geroztik.

Hazten jarraitzeko tokia dugu, bistakoa denez, baina esperientzia honek erakusten digu, maiz kontrakoa uste izaten den arren, mundu digitaleko hazkundea ez dela kasualitatearen sasiko kumea, ikuspegiaren alaba baizik".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia