Faktoria
Itxaro Borda
"Zer da hori?"
Frantziako luralde hauteskundeetan izandako abstentzio handia izan du hizpide Itxaro Bordak 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
6:57 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Iragan igande arratsean, Altuna eta Resuztaren arteko buruz buruko partida ederra ikusi ondoan, Frantziako hauteskundeen lehen emaitzak zein ziren jakin nahi nuen... ni ere periodikuak leituz ilustratzen naizelako. Ahoa idortu zitzaidan, abstentzioaren portzentaia eman zutenean: hiru herritarretatik bi etxean gelditu ziren, eguzkiaz eta egunaren gozoaz balia. Jendetzaren laurdena baino ez zen beraz bozka bulegoetara hurbildu. Bakoitzak badu, alabaina, abstenitzeko dretxoa, funtsean hau ere eskubide demokratiko bat delako.
Aste hasiera honetan, Macronen gobernuak eta kazetariek, hobendunak bilatzen dituzte. Badirudi kandidatuen programak ez zirela etxe guztietara heldu, igorketa hori postaz kanpoko enpresa pribatu batek azpi tratatu zuelako. Telebistari uztarturik bizi diren hiritar batzuk ez omen zekiten hauteskunderik bazenik ere. Zenbaitek aitzakia politikoak laxatzen zituzten: sistemarekin ados ez direla erakusteko modua da abstentzioa. Politikariak eta instituzioak, halatan, arras baliogabetuak dira, ekintza zuzena aldarrikatzen duten atorra horien buruak edo Zemmour bezalako eskuin-muturreko kronika egile mediatikoak ez badira.
Gure gurasoen denborako politika giroa bukatu da. Jean Ybarnegarayek billete erdiak banatzen zituen bozken bezperetan, eta beste erdia, pasatzea lortzen zuenean. Orduko kanpainak fisikoak ziren. Oroit naiz 1977 urte haietan, Donapaleuko merkatu estalian Chirac-en mitin batean egonik. Ikusgarria zen beroa, aztoratzekoa. Izerdia nabari genuen, garagardo urrina, politikaren jatorri organikoa. Egoera horietatik urrun gaude, diskurtsoek materialitatea galdu dute, pantaila bidez hedatzen dira eta kanpainak, kirol-zapatak saltzeko bezala antolatzen dira, dirua egitea eta boterea gatibatzea helburu.
Bozkatzeko betekizuna aipatzen denean, munduan barna eskubide horren alde hiltzen diren jendeen argumentua ateratzen da beti, borroka luze baten memoria gisa. Emazteok, 1944an baizik ez genuen Frantziako Errepublikan deretxo hori eskuratu. Estatistiken arabera, igandean, % 62koa izan da bozkatzera joan ez den emakumeen kopurua. Hainbatetan entzun dut emazteok libidoarekin bozkatzen genuela... ematen du egungo politikak ez duela libidoa biziki kitzikatzen.
Seinale txarra. Edo ona. Dena den, entzule, uda on bat zuri..."