Faktoria
Udazkeneko erronka politikoak
Abortu lege berriaren arabera, 16 eta 18 urte bitarteko emakume gazteek ez dute gurasoen baimena beharko
P.G.
Urte amaierarako prest nahi du Irene Montero berdintasun ministroak, abortuaren legearen erreformarako zirriborroa. 2010ean onartu zen legea zabaldu eta 2015ean Rajoyren gobernuaren eskutik sartutako mugak ezabatu nahi ditu.
-
Abortu lege berriaren arabera 16-18 urte bitarteko emakume gazteek ez dute gurasoen baimena beharko.
5:43 min
Espainiako Gobernuko Berdintasun ministerioa prestatzen ari den abortu legearen erreformaz mintzatu gara 'Faktoria' saioan, Irati Zabaleta, Andraize, Iruñeko sexu eta ugalketa zentruko ginekologoarekin. Haren iritziz, hobekuntza nagusietako bat da gurasoen baimenaren derrigortasuna ezabatuko dela 16 eta 18 urteko emakume gazteen artean. Egunerokotasunean adin tarte horretan kasu asko ikusten dituztela kontatu digu, "askotan gurasoei dieten beldurragatik edo gurasoen artean iritziak ezberdinak direlako haurdunaldia eteteko epea agortzen" zaiela, eta horregaitk, aldaketa garrantzitsua da.
Beste puntu nagusia hiru eguneko gogoetaldiarekin amaitzea da. Denborak garrantzi handia duelako eta eragina izan dezakeelako haurdunaldia etetzeko erabiliko den tratamenduaren aukeraketan. Andraizeko kidea, dena den, oraingo legean aipatu ere egiten ez diren antisorgailuen gaiaz mintzatu da, garrantzi handia dutela azpimarratuz, batez ere iraupen luzekoek, abortu asko ekidin ditzaketelako. Baina garestiak direla salatu du, doan izan daitezen aldarrikatzeaz gain.
Berdintasun ministroak iragarri duen beste aldaketa nagusiak medikuei eragiten die. Kontzientzia eragozpena arautu nahi du. Irene Monteroren hitzetan, medikuen kontzientzia eragozpenerako eskubideak ezin du egon emakumeek bere gorputzaz erabakitzeko eskubidearen gainetik eta edozein lekutan bizi dela ere, aukera izan behar du, hala erabakiz gero, osasun publikoan abortua egiteko. Irati Zabaletaren aburuz, ondo antolatuz gero eta borondatea izanez gero, ez luke arazoirik izan behar bi eskubideak errespetatzeko, baina "ezinbestekoa da paziente horien eskubideak bermatzea eskualde guztietan eta derrigortuta egon beharko luke".
Aldekoak bezala, ordea, kontrako ahotsak ere piztu ditu Berdintasun ministroak abortu legea zabaltzeko egindako iragarpenak. Jose Andres Etxeberria Bizkaiko PROVIDA elkarteko kidea da, eta honako hau adierazi du: "orain arte Irene Monterorentzat, Podemos eta ezkerreko jendearentzat bizitzak ezer balio ez badu, hemendik aurrera gutxiago, minus 0". Medikuen kontzientzia eragozpena hizpide hartuta, konstituzioak jasotzen duen arren, hura ere zapaldu nahi izatea leporatu dio Berdintasun ministroari.
Izan ere, abortu lege berriak bermatu nahi du abortuak egiten dituzten klinikak leku seguruak izatea, eta parean egiten diren bilkurak eta bertako langileek jasaten dituzten jazarpenak zigortuko ditu.
Berdintasun ministerioa prestatzen ari den erreforma proposamena abortutik harago doa: haurdunaldi subrogatua mugatu nahi du eta indarkeria obstetrikoaren aurkako neurriak ere arautu nahi ditu, haurdunaldia edo erditzean zenbait emakumek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko. Berdintasun ministerioak indarkeria matxistaren beste aldaeratzat jotzen baitu.