Faktoria
'Maixabel' filma espetxean
Eduardo Santos kontseilaria: "Justizia errestauratiboaren ideiak bere tokia irabazi behar du espetxeetan"
OIhane Yustos | EITb Media
Nafarroako Justizia kontseilariak ez dio garrantzi berezirik eman Iruñeko espetxean dauden ETAko presoek 'Maixabel' filma ez ikusi izanari: "Ikusiko dute, eta kanpoan daudenek ere ikusiko dute eta pentsatu beharko dute elkarbizitzaroko zein pauso ematen dituzten".
-
Maixabel pelikula, Iruñeko espetxean
8:25 min
'Arrasto handia utzi du Maixabel pelikulak Iruñeko espetxeko presoen artean'. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuaren Justizia kontseilariaren hitzak dira. Bere sailak antolatuta, Iciar Bollainek zuzendu duen pelikula presondegira eraman dute asteburu honetan eta Iruñean dauden 70 bat presok ikusi dute.
'Urrats garrantzitsua izan da' kontatu du "Faktoria"n Santos kontseilariak. 'Presoek kulturan murgiltzeko eskubide osoa dutelako baina, batez ere, beraiei zuzendutako pelikula da. Bigarren aukera behar dela defendatzen duena'. Eduardo Santosen hitzetan, 'justizia errestauratiboak bere tokia irabazi behar du espetxeetan'.
Estatu mailan 300 presok izena eman dute, biktima eta espetxeratuen arteko topaketetan parte hartzeko. Espetxe zuzendaritzak eman dituen datuen arabera, horietako 20 ETAko presoak dira. Baina, Iruñeko espetxean dauden ETAko presoek ez ziren hurbildu Maixabel filmea ikustera. Santos kontseilariak ez dio garrantzia handirik eman erabaki horri: 'Atzo ez zirela joan ETAko presoak? ' galdetu du Santosek, 'Ba ez ziren, baina, ikusiko dute! Edo kanpoan daudenen ikusiko dute eta haiek ere pentsatu beharko dute elkarbizitzarako ze pauso ematen dituzten'.
Santos, bitartekari
Lehen eskutik ezagutzen du Eduardo Santosek topaketen ibilbidea. Maixabel Lasak eta Ibon Etxezarreta ETAkideak egin zuten lehen bilkura hartako bitartekari izan zen. Bere etxean, justizia kontseilariaren etxean elkartu ziren. Santosek Faktorian aitortu du, inplikazio pertsonal horretatik abiatuta, 'justizia errestauratiboaren ideia' espetxera eraman nahi izan dutela. Kontseilariaren ustez, 'elkarbizitza piskanaka eta guztien artean' eraiki behar da eta horrek bere denbora eskatzen du.