Faktoria magazina
Ana Irene del Valle
Ana Irene del Valle: "Trena hartzen ez duena ertzean geratzen da eta presio handia sentitzen dute gazteek"
Ane Albisu | EITb Media
Ana Irene del Valle EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekano berria izan dugu "Faktoria"n eta, bere lan berriaz gain, gazteen buru osasunaz ere aritu gara. "Gizartea asko indibidualizatu da eta horrek soken haustura dakar" esan digu.
-
Ana Irene del Valle
12:35 min
Ana Irene del Valle EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko dekano berriak "Faktoria"n egindako elkarrizketan esan digu Leioako campusa eguneroko normaltasunera itzuli dela aurreko asteko gertaera eta sustoaren ondoren, baina Unibertsitateari dagokiola horrelako gertaerak aztertzea eta hausnarketa egitea.
Soziologian doktorea da dekano berria eta hezkuntzaren eta familiaren soziologiaz ikerketa asko egindakoa. Gazteen buru osasunaz galdetutakoan esan digu emozioak eta arazoak kudeatzeko zailtasun asko ikusten dizkietela gazteei eta denok garela horren "errudun". "Presio asko sartzen den gizartean bizi gara, etorkizuna ez dute argi ikusten eta badakite trena hartzen ez duena ertzean geratzen dela. Ondorioz trena hartzeko presio handia sentitzen dute gazteek. Gizartea asko indibidualizatu da, familiak ere bai eta bakardade sozialean bizi dira gazteak".
EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateak bost gradu eta hiru gradu bikoitz hartzen ditu bere baitan. Graduondokoak ere bai. Guztira 2.400 ikasle inguru hartzen ditu fakultateak eta eskari gehien duen gradua, Ikus-entzunezko Komunikazioa.