Faktoria
ETAren amaiera: 10 urte
"Gogoratzen dut sentsazioa, etxerako bidean, zinegotzi lagunak deitu, elkartu eta topa handia egin genuen"
Oihane Yustos | EITB Media
2011ko urriaren 20an, ETAk jarduera eteteko erabakia hartu zuenean, bizitza erabat aldatu zitzaien Mari Jose Telleria zinegotzi sozialistari, Iñaki Andonegi ertzainari eta Jesus Mari Korta enpresariari. Beren testigantzak entzun ditugu "Faktoria" albistegian.
-
ETAren jardueraren meatxupean bizi zirenen testigantzak
14:56 min
"Entzun nuen ETAk egin zuen adierazpena baina, nik eta nire lankideek mesfidantza handia genuen", gogoratu du "Faktoria"n Iñaki Andonegi ertzainak. Jesus Mari Korta enpresariak ere zalantzak zituen: 'Nahiko kontentu hartu nuen baina, ez genekien bukaera egiazkoa zen ala ez, gerora ikusi genuen baietz'. Mari Jose Telleria, orduan Eibarren PSEko zinegotzi zen eta ez du gogoratzen une zehatza: 'nire burua ikusten dut etxerako bidean, eta esatea, ostras, telefonoa hartu eta Whatsappa ikusi eta orduko zinegotzi taldearekin gelditu eta topa handi bat egin genuen'.
Egunerokoa aldatu zitzaien hirurei, aitortu badute ere, ordurako ETAren jarduera geldituta zegoela. "12 urtez bizkartzainekin bizi izan naiz, han ibili nintzen tripa handi batekin, nire bi semeen haurtzaroa bizkartzainekin izan da". Andonegik, ertzain gisa lan egin duen urte guztietan sentitu du ETAren mehatxua: "Agiria etorri zen beldurrik ez nuenean baina, beldurrarekin bizi izan gara. Beste garai batzuetan ez zen burutik pasatzen orain egiten dudan bizitza egitea". Telleria zinegotziari gelditu zaio garai hartako zerbait, "nik oraindik ez dut nire buzoia zabaltzen, postontzia begiratu eta pentsatzen dut oraindik, uff, zer egon lieke hor!". Segurtasun neurririk ez hartu hartu Jesus Mari Korta enpresariak, ETAren hiruzpalau gutun jaso zituen arren. "Orduko 10 milioi pezeta eskatu zizkidaten, ez nuen ordaindu. Azkenera arte, orduan esan nuen, hau bukatu behar da, ordainduko dut eta bukatu'. Bere erabakian zerikusia izan zuen, ETAk bere bi lagun min, Isidro Usabiaga eta Joxe Mari Korta enpresariak hil izana.
Etorkizunera begira jarri dira hirurak. Bizi izan dituztenak ahaztu nahi dituzte, "denok ahaztuta gaude, ez dut pasatakoa aipatu nahi, ez zait ezer gertatu eta ondo nago". Andonegik badu halere kezka, "gure inguruan azkarregi joan nahi genuen, lankideen sufrimendua azkarregi ahaztu nahi dugu eta mina oraindik izugarria dago, kostako da hau bere tokian uztea'. Telleria sozialistak, ospakizunak nahi ditu. Orain 10 urte egin bezala, Eibarko zinegotzi sozialistak afaltzeko geldituko dira: "Gure alde egingo dugu topa, gure alde. Baina, oraindik falta dira gauza asko lortzeko: askatasuna eta justizia".