Itxi

Faktoria

Energia nuklearra eztabaidagai

Igor Peñalva: "Berriztagarriekin ez da nahikoa izango; erabaki egin behar da eskaria zein energiarekin ase"

P.G. | EITb Media

Energia nuklearraren harira aritu dira "Faktoria"n Fernando Plazaola, EHUko Teknologia eta Zientzia Fakultateko dekanoa eta Igor Peñalva, EHUko Ingeniaritza Nuklearreko irakaslea. Plazaolaren hitzetan, "balantza batean jarri behar dira aldaketa klimatikoaren arazoak eta nuklearraren arriskuak".

  • Energia nuklearraz eta trantsizio energetikoa hizpide izan dira FAKTORIA.

    Energia nuklearraz eta trantsizio energetikoa hizpide izan dira FAKTORIA.

    25:07 min
imagen player
imagen player
imagen player

Energiaren krisiak zentral nuklearren inguruko eztabaida berpiztu du. Berriztagarriak ez dira nahikoak gizartearen beharrak asetzeko eta gasaren prezioaren garestitzeak eta Errusia edo Aljeria bezalako herriekiko menpekotasunaren arriskuak, zenbait herrialde atzera energia nuklearrera begira jarri ditu. Fukushimako istripuaz geroztik, gobernu askok hartu zuten zentral nuklearrak ixten joateko erabakia. Baina egoera aldatzen ari da eta berriz ere munduko mandatarien ahotan hitzetik hortzera dabil energia nuklearra eta  egin beharreko trantsizio energetikoan berriztagarrien osagarri gisa jotzen dute batzuk.

Igor Peñalva Ingeniaritza Nuklearreko irakaslearen hitzetan, argi dago "berriztagarriak ez direla nahikoa izango eta gure eskaria asetzeko nahikoak ez direnean, zein energiarekin osatu erabaki behar da. Hori da debatea". Fernando Plazaola EHUko Teknologia eta Zientzia Fakultateko dekanoak oharra egin du, ordea, "Faktoria"n: "Kritiko ere izan behar dugu energia nuklearrarekiko: gure gizartean zer nahi dugun zehaztu behar dugu, zer gertatu daitekeen jakin. Balantza batean jarri behar ditugu aldaketa klimatikoak sor ditzakeen arazoak eta energia nuklearraren arriskuak erabaki bat hartzeko".

Zentral nuklearren arriskuak bi dira, istripuen arriskua eta hondakin erradioaktiboak oso kutsagarriak direla. Peñalvak dio "orain arte hondakinei buruz hartu den erabakia izan dela, gordetzea, alfonbra azpian ezkutatzea eta zaintzea.  Energia nuklearra ez da berriztagarria eta hori ukaezina da. Albiste ona zein da? Zikinkeria nuklearra kopuruz, txikia dela. Erregai fosilak erretzen dituen zentral batek inolako kontrolik gabe aireratzen ditu CO2 partikulak. Dena hartu behar da kontuan".

Etorkizunari begira, Plazaolak aipatu du aurrera pauso "ikaragarria" izango litzatekeela energia berriztagarriak biltegiratzeko modua asmatuko balitz.  Nolanahi ere gogorararazi du "arazoa orokorra dela eta Europak Europa gisa jokatu beheko lukeela, " ez estatu edo enpresen arabera. Bestela, jai daukagu".