Itxi

Faktoria

Egiari Zor

Garaialde: "Aitaren hilketa zigorgabe geratu zen beste asko bezala; existituko ez bagina bezala jokatu dute"

Triple A talde paramilitarrak hildako Pablo Garaialderen alabak familiak pairatutako jazarpenak eragindako sufrimendua izan du gogoan, baita gertatutakoa ezagutzeko izan dituzten trabak ere.

  • Pilar Garaialde

    Pilar Garaialde

    9:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aitaren gorpua Berastegi eta Leitza artean agertu zela kontatu digu Euskadi Irratiko "Faktoria"n Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak. Taxi gidaria zen Pablo Garaialde, eta 60 urte bete berriak zituen Triple A talde paramilitarrak hil zuenean. 

Ondoren, familiak pairatutako jazarpenak eragindako sufrimendua izan du gogoan Garaialdek, baita gertatutako ezagutzeko izan dituzten trabak ere:"Hilketatik hilabetera, Tolosako epaitegiak auzia artxibatu zuen eta aitarena zigorgabe geratu zen, horrelako beste asko bezala".

ETAk jardun armatua utzi eta hamargarren urteurrenaren testuinguruan "oharkabean pasa diren" beste hainbat gertakari izan direla gogoratu du Garaialdek. Hala nola, Herri Batasuneko kideei bidalitako bonba-gutunen atzean Espainiako Barne Ministerioa legokeela argituz zabaldu den informazioa; giza eskubideak bortxatzeagatik kondenatutako polizia bati emandako domina edota Ramon Jauregi sozialistak GALen gaineko erantzukizuna saihestuz esandakoa. "Horien guztien aurrean, zoru etikoa hainbeste aldarrikatzen dutenak isilik geratzea eta ezer ere ez exijitzea oso mingarria eta umiliagarria da" Estatuko indarkeriak eragindako biktimentzat.

Biktimak ez direla soilik ETAk eragindakoak eta gertatu den guztia aintzat hartu arte ez dela benetako elkarbizitza eraikiko gaineratu du Pilar Garaialdek. Egia, aitortza, erreparazioa eta errepikatuko ez denaren bermea ezinbestekoa dela eta horretan "asko dago egiteko".