Faktoria
Elkarrekin-Podemos
Gorrotxategi: "Andueza saiatu da horizonte berriak zabaltzen, baina ikusi behar da nola gauzatzen diren"
P.G. | EITb Media
Miren Gorrotxategik adierazi du Eneko Andueza PSEren idazkari nagusiak ezkerrera begira, balizko bide berriak iradokiz, esandako hitzak gustura hartu dituztela Elkarrekin-Podemosen.
-
Miren Gorrotxategi
17:43 min
Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko Legebiltzarreko bozeramaileak "Faktoria"n egindako elkarrizketan onartu du gustura hartu dituztela Eneko Andueza PSEren idazkari nagusi berriak ezkerrera begira, balizko bide berriak iradokiz, esandako hitzak: "Gustura hartzen ditugu hitz horiek baina ekintzetan nola gauzatzen den ikusi behar da. Andueza saiatu da beste soinu berri bat sortzen eta, printzipioz, musikak ez du soinu txarrik".
Gorrotxategiren hitzetan, denborak arrazoia eman die eta ezkerreko hirukoa lortzeko helburua errazagoa izan daiteke orain, "ez bakarrik euskal gizarteak merezi duelako, egoera politikoak ahalbidetzen duelako baizik. Udaletxeetan hasi dira, eta autonomia mailan beste bi alderdiak (PSE eta EH Bildu) hasi dira horrelako aukerak aipatzen. Ikusi behar da egunerokoak zer ematen digun baina printzipioz posibilitate hori gero eta gauzagarriagoa ikusten da".
Estatuan Yolanda Diaz ministroak ezkerreko indarrak metatzeko hasi duen ekimenaz, pozik eta itxaropentsu mintzatu da, eta ukatu egin du Unidas-Podemosen baitan errezelorik piztu dezakeenik. "Niregan eta nire inguruan esperantza bizia sortu ditu", adierazi du. Euskal Herrian ere antzera jokatzearen alde azaldu da, baina onartu du oraindik ez dela hemen mugimendurik izan.
Jaurlaritzaren aurrekontuei buruz, Gorrotxategik iragarri du Elkarrekin-Podemosen exekutibak gaur duela bilera gobernuari kontraproposamen bat aurkeztu edo negoziaketa bidea agortutzat emateko: "Ostiralean jaso genuen Jaurlaritzaren erantzuna, asteburuan lanean aritu gara, eta gaurko bileran erabakiko dugu zein den gure hurrengo urratsa". Pedro Azpiazuren taldeari aurkeztutako proposamenen artean, segregazioaren aurkako hitzarmen bat lortzeari garrantzi berezia eman dio: "Aurrekontuena oso momentu ona da ikusteko gobernuak zer-nolako konpromisoak hartzen dituen arazo zehatz bati bide emateko, helburu politikoetarako dirua behar delako".
Azkenik, ziurtzat eman du Auzitegiek covid ziurtagiriari argi berdea emango diotela, baina iritzi dio ez dela nahikoa, eta indar gehiago egin beharko litzatekeela airearen kalitate ona bermatzeko.