Faktoria
Hiesaren aurkako munduko eguna
Joseba Zabaleta: "Oraindik gertatzen da: askok ez dute onartzen albokoa GIBduna izatea, argi dago"
P.G. | EITB Media
HIESaren lehen kasuak azaldu zirenetik 40 urte pasa dira. Gaitzari aurre egiteko botikak garatu dira; eta, horiei esker, gaitza atzeman ezina eta kutsaezina bilakatu da. Hala ere, estigma soziala ez da desagertu. Joseba Zabaleta Harri Beltzako kidearekin hitz egin dugu "Faktoria"n.
-
Hiesaren lehen kasuak azaldu zirenetik 40 urte pasa dira
9:33 min
Joseba Zabaletak GIB-duna dela daki 2005az geroztik. Berak ez du lanean, lagunartean, bikote harremanean edo familian bazterkeriarik sentitu; baina bere inguruan jende asko ezagutzen du GIB-duna izateagatik estigma hori jasaten duena: "Ezagutzen ditut lanean positibo zarela esan, kamarero izanda, eta gehiago deitu ez. Edo ezagutu berri duzun pertsona bati esan eta ez dute zurekin egon nahi, edo zure edalontzitik edan nahi. Horrelakoak ezagutzen ditut eta gertatzen da oraindik ere".
Zabaletaren hitzetan, ezin da esan lan merkatuan edo erakundeen aldetik egoera erabat normalizatuta dagoenik, eta adibide bat jarri du "Faktoria"n: "Erakundeek orain gutxi onartu dute GIB-dunak ere suhiltzaile, ertzain edo udaltzain izan gaitezkeela. Nahiz eta indetektable izan. Baina, nik positibo eman nuenean, suhiltzaile izateko prestatzen egongo banintz kanpoan utziko ninduten, nahiz eta botikak hartzen hasi eta hilabetera atzemanezina izan (eta horrek esan nahi ez dudala posible beste inor kutsatzea). Ez dut ulertzen nola izan den hori posible, medikuki frogatuta egonda ere botikak zintzo hartu eta pautak betetzen ditugunok ez dugula arriskurik...."
Badira 16 urte Joseba Zabaletari birusa atzeman ziotela. Hasieran, kolpe latza izan zela kontatu digu, ez zela batere erraza izan onartzea: "Shocka oso gogorra da eta lehenengo heriotzan pentsatzen duzu. Gero lasaitzen zara eta jabetu nintzen ez nintzela berehala hilko, baina horra iristeko bide bat, lan bat, egin behar duzu. Hasieran gauzak argi izatea oso zaila da". Zabaletak bikotekidearekin, lagunekin, familiarekin eta batez ere Harri Beltza elkartearen bitartez egin zion aurre gaitzari, "han jasotako laguntza betirako izango da". Orain, gaitzak ez du bere egunerokotasunean eraginik: "Pastillak hartu behar ditut baina fisikoki ez dut gaitzaren zentzurik izan; psikikoki eta emozionalki bai..."
Orain Harri Beltzara hurbiltzen diren pertsonen soslaia aldatu egin dela adierazi du: "Azken boladan kutsatu berriak gutxi izaten dira eta batez ere migratzaileak dira; Afrika, Europa ekialdetik datozenak eta latinoamerikarrak".