Faktoria
Urrezko domina Osasunari
Jose Manuel Etxeberria: "Osasuna ez da gauza etereo bat; Osasuna pertsonak dira"
MIkel Rotaetxe | EITB Media
2021eko Nafarroako Urrezko Domina jaso bezperan hitz egin dugu Faktorian Osasunako izen handiekin. Talde gorritxoa pertsonen multzoa dela nabarmendu digu Jose Manuel Etxeberria jokalari historikoak: "Zelai zaintzaileek, aldageletako garbitzaileek... denek osatzen dute Osasuna".
-
Jose Manuel Etxeberria Euskadi Irratiaren setean
12:55 min
Mendeurrena bete duen urtean jasoko du Osasunak, Nafarroaren egunean, Foru Erkidegoko sari nagusia: Nafarroako urrezko dominarekin. Merezimenduetan zehaztu dute talde gorritxoa "nafar guztiak batzen dituen erakundea dela, kohesiorako tresna eta nafar guztien elkargune". "Faktoria"n, Osasunaren ibilbide eta baloreak goraipatu ditu Jose Manuel Etxeberria jokalari historikoak eta ez du uste taldearekiko sentimendua aldatu denik: "Osasuna ez da gauza etereo bat; pertsonek osatzen dute, zelai zaintzaileetatik hasi, aldageletako langile, jokalari... denek".
"Osasuna sentimendua da", erantsi du Oier Sanjurjo atzelariak, "eta nafar guztiak gaude gustura eta eroso". Bizitza bizitzeko modu propioa ikasi duela azaldu du Euskadi Irratiko mikrofonoetan: "laguntasuna, ahalegina, lankidetza... eta, txiki sentitu gabe, umil izatea". Bat egin du jokalariarekin Jagoba Arrasate entrenatzaileak: "Osasuna familia bat da, herriaren taldea, eta jendeak barru-barruan darama". Azkenik, Josune Urdaniz erdilariak emakumezko taldeak azken urtean emandako urratsak nabarmendu ditu: "Bidea dugu egiteko, baina nabarmentzen da urteek aurrera egin ahala, jende gehiagok ezagutzen gaituela".