Itxi

Faktoria

Garraio sektorea, krisian

Iñaki Goñi, kamioilaria: "Garraiolaririk gabe ez da ogirik okindegietan"

Erregaiaren garestitzeak itota, lan-baldintzen prekarizazio betean eta belaunaldi-erreleborik gabe, oinarrizko sektore direla gogorarazi dute garriolariek. Iñaki Goñi kamioilariarekin pasa dugu eguna, garraioaren egoera barrutik ezagutzeko.

  • Iñaki Goñi, garraiolaria

    Iñaki Goñi, garraiolaria. Argazkia: EITB Media

    26:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Sektorea duindu behar da, azken zaborra garelako". Ahobizarrik gabe hitz egin du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Iñaki Goñi garraiolari elizondoarrak. Bizitza erdia eman du era bateko eta besteko zama alde batetik bestera garraiatzen, eta, egun batez, kopilotuaren eserlekuan izan du Mikel Rotaetxe "Faktoria"ko kazetaria, kamioi-zisternan Euesibartik Bilboko porturako bidea egiten.

Elkarrizketa pausatuan nabarmendu duenez, azken urteetan nabarmen egin dute okerrera distantzia luze zein laburreko garraiolarien lan baldintzek: "Erregaia % 35 garestitu da eta diru-sarreren erdia baino gehiago erabiltzen dugu depositua bete ahal izateko". Karga eta deskargak egiteko jenderik ez dagoenez, lan hori garralioarien bizkar jartzen dela salatu du, eta itxaroteak geroz eta luzeagoak direla.

Garraiolariek gizartean duten garrantzia nabarmendu du Goñik eta ezinbestekoa dela lan-baldintzak hobetzeko ahalegina egitea, gogoratuz kamioilaririk gabe "okindegietan ez legokeela ogirik". Era berean, errelebo-faltaz ohartarazi du: "46 urte ditut eta nire inguruan kamioilaririk gazteena naiz; baldintzak hobetu ezean, ez da gazterik egongo kamioiak gidatzeko".

Eguesibartik Bilborako bidean, lanbideak emandako onena ere kontatu digu Goñik: iraganean Europara eginiko bidaiak, Italiako errepideetan barrena eginiko kilometroak, eta bidean ezagututako sektoreko kideak. Eta onena: etxera itzultzean senideekin topatzeak sorrarazten dion poza.