Faktoria
Bingen Zupiria, Faktorian
Zupiria: "Espainiako Gobernuak ez du sukaldeko lanik egin, ez da erraza izango gaur neurririk adostea"
EITB Media
Erkidegoetako presidenteak bildu atarian, Europan zein Espainiar estatuan COVID-19aren aurkako neurri komunak nahi ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta kanpokaldeetan musukoa derrigortzearen alde egin du. Barruko eremuetako aireztatzea "norbere esku" dagoela esan du.
-
Bingen Zupiria
25:29 min
"Espainiako gobernuak ez du sukaldeko lanik egin eta ez du neurri-proposamenik igorri erkidegoetako presidenteak elkartu aurretik". Aurrekari horrekin, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du zaila izango dela arratsaldeko bilera telematikoan neurriak adostea: "Jaso dugun gai zerrendan parte-hartzaileen hurrenkera baino ez da agertzen, eta ez da erraza izango neurriak hitzartzea". Euskadi Irratiko Faktoria-n egin dioten elkarrizketan, Zupiriak ez du aurreratu Iñigo Urkullu lehendakariak mahaigaineratuko duen proposamena, baina zehaztu du "neurri eta irizpide komunak" nahi dituela estatuan eta Europa osoan: "Ez da zentzuzkoa Alemanian estadioak ixtea eta geurean parez pare zabalik egotea".
Erietxeetako egoerak okerrera egin arren, gobernu bozeramaileak nabarmendu du iazko egoera "nabarmen okerragoa" zela, eta, alarma egoerarik ezean, horregatik mugatu dela gomendioak ezartzera. Neurri murriztaile berriak hartzeaz, Zupiriak onartu du "ez dela inoren gustukoa neurriak hartzea", baina hartu behar badira hartu egingo dituztela. Kanpoan musukoa derrigortzearen alde egin du, esate baterako: "Kanpoan zaila izaten da metro eta erdiko segurtasun-tarteari eustea eta musukoa beharrezkoa da". Barruko eremuetako aireztatzeaz, bozeramaileak uste du ez dagoela modurik "agindurik" ezartzeko, eta "norbere esku" dagoela aireztatzea ziurtatzea.
EH Bildurekiko harremanez
2022ko aurrekontuak onartu bezperan, Zupiriak goratu egin du Jaurlaritzak eta Euskal Herria Bilduk erdietsitako akordioa: "Gaztela eta Leonen, Andaluzian edo Senatuan duten giroa ikusita, nabarmentzekoa da akordioaren mesedetan egin dugun ahalegina". Hezkuntza lege berriak "herritarren atxikimedua eta adostasun politikoa" behar dituela nabarmendu du, eta, azkenik, gogor egin du ezker abertzalearen kontra, Donostiako epaitegietan Mikel Albisu ETAko buru ohia txalotzeagatik: "Txalo horiek ez dute konponduko herri honetan konpondu beharreko kontuak".