Faktoria
EAJ-ko legebiltzarkidea
Iturrate: "Sanchezek denbora galdu eta gobernatzeari uko eginda, astebetera hartu ditu LABIk neurriak"
Izaro Insausti | EITb Media
Pandemiari aurre egiteko kontrata daitezkeen osasun langile guztiak kontratatuta dituela Osasun Sailak baieztatu du 'Faktoria'n Iñigo Iturrate legebiltzarkideak.
-
Iñigo Iturrate, Euskadi Irratian.
26:03 min
Pandemiari aurre egiteko, eta bereziki omikron aldaerak sortutako olatua gainditzeko hatutako neurriak beharrezkoak direla uste du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. Euskadi Irratiko "Faktoria"n egindako elkarrizketan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari leporatu dio, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu bezala, behar zenean neurri bateratuak ez hartzea. LABIk hartu dituen neurriei begira, ostalaritza eta kulturgileekin bilerak fruituak emateko zain, ulertzen du ezinegona. Aldi berean, ordea, espainiar Estatuan diru gehien sektore horietara bideratu duen erkidegoa Euskadi dela azpimarratu du. Erabaki zailak dira, baina kutsatzeak non ematen diren ikusita, Iturratek dio beharrezkoak direla hartutako neurriak. Herritarrei autozaintza eskatzea ez dela berria aldarrikatu du, aurrez gripearekin ere egin izan dela esanez. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, kontrata ditzakeen osasun langile guztiak kontratatuta dituela defendatu du.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EAEko aurrekontuen onarpena EH Bilduren babesarekin lortu izana goraipatu du, Eusko Jaurlaritzak beti bilatu dituela akordio zabalagoak azpimarratuz. Koalizio abertzalearekin akordioetarako tarterik baden galdetuta atea irekita utzi du Iturratek. Deborak esango duela uste du, nahiz eta Euskadin badiren horretarako nahikoa esparru, besteak beste, hezkuntza, ingurugiroa eta erronka demografikoa aipatu ditu aukeren artean. Estatutu berriari dagokionez, berriz, EAJ autogobernu ponentzian adostutakoarekin "konprometituta" dagoela dio, gaineratuz, akordio zabal batera lortzeko norbere helburuetatik apur bat urruntzea beharrezkoa dela espazio komunak topatzeko.
Espainiako Gobernuak onartu berri duen lan erreforma pozgarria iruditu arren, negoziazioan parte hartu duten agenteei argi eta garbi adierazi zieten "euren marra gorria" zein zen. Euskadiko lan harreman, sindikatu eta enpresen egitura ez bada errespetatzen EAJk ez diola babesik emango aitortu du. Ezinbestekotzat jo du lan esparrua errespetatzea, eta horren jakitun aurrez zirela aldarrikatu du.