Itxi

Faktoria

Errefuxatu krisia

Nilofar Bayar: 'Afganistanen gelditu diren emakumeak ni baino ausartagoak dira'

Talibanengatik ihesi, abuztuan iritsi zen Euskal Herrira Bayar saskibaloi jokalaria. Asilo eskariaren zai dago, lanean hasteko baimenaren zai baina, ezin du burutik kendu atzean gelditu diren senide, lagunak eta batez ere emakumeak ; 'ezin dute kalera bakarrik atera, zaila da emakume izatea'.

  • Nilofar Bayat, Faktorian

    Nilofar Bayat, Faktorian. Argazkia: Euskadi Irratia

    25:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

Abuztuan iritsi zen Bilbora Nilofar Bayat, talibanengatik ihesi. Bidean, Kabulgo aireportuan, guztia galdu zuen. Talibanek bere maletak tirokatu zituzten eta aireportu atarian gelditu ziren ikasketa agiriak, lan egindako tokienak, eta soinean zeraman guztia.

Bilbon bizi da orain baina, astero du senideekin harremana. 'Oso gaizki daude, ez dago jatekorik, bankuan zuten dirua blokeatu diete eta etxean duten guztia saltzen ari dira'. Orokorra dela kontatu digu, 'ez du inork lan egiten, ez dute diru sarrerarik' eta emakumeen egoera are larriagoa da, 'nire ahizpak ezin du lan egin, ezin du bakarrik ibili kalean, ezin du lagunekin gelditu'. Nilofar Bayat gurpildun aulkiko saskibaloi selekzioko kapitaina zen Afganistanen eta postu horrek eman zion bozgoragailua baliatu izan du talibanak kritikatzeko. Horregatik ihes egin du eta hemen gelditu beharko du, 'gutxienez 10 urtez, Espainiako gobernuak ez dit itzultzen uzten, nire segurtasunarengatik'.

Errefuxatu izaeraz, migranteek dituzten beharrez eta Afganistango egoeraz aritu zaigu Faktoria albistegian. Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal, EITBko nazioarteko berriemaleak batu zaizkigu solasaldira. Afganistango krisia, 'urteko albistea dela' esan du Ayestaranek. Irazabal Polonia eta Bielorrusia arteko mugan sortu den migrazio krisiaren lekuko izan da. Gertatzen ari dena 'lotsagarria' izan dela dio, kazetariei debekatu diete migranteak dauden tokira sartzea. 

Siria, Afganistan eta azkena Bielorrusia eta Polonia arteko muga. Ane Irazabalen ustez, 'honek ez du geldialdirik' eta etorkizunean gertatuko dena aurrikusi du: 'fenomeno bat bada, Mediterraneoa gurutzatzen duten asko eskatzaileen %90 Sahel-etik datoz, Sahara azpitik. Errefuxatu klimatikoak dira. Datozen urteetako desafio handienetako bat izango da hori'.