Itxi

Faktoria

EBko taxonomiaz hausnartzen

Unai Pascual: "Nuklearra eta gasa energia berdeen pare kokatzean seinale arriskutsua bidaltzen du Batasunak"

P.G. | EITb Media

BC3ko ikerlariak eta Fernando Plazaola EHUko zientzia eta teknologia fakultateko dekanoak argi utzi dute ez nuklearra ez gasa ezin direla energia berdetzat jo. Europako Batzordeak proposatu duen "taxonomia berdearen" atzean, Frantzia eta Alemaniaren interesak daudela salatu dute.

  • Europako Batzordeak energia berriztagarrien maila berean kokatu ditu nuklearra eta gas naturala.

    Europako Batzordeak energia berriztagarrien maila berean kokatu ditu nuklearra eta gas naturala.

    26:03 min
imagen player
imagen player
imagen player

Europako Batzordeak osatu duen "taxonomia berdeak" berez, 2050ean karbono neutraltasuna lortzen lagundu behar duten energia iturrien eta horien teknologiak sailaktzeko zerrenda bat da.  Inbertsioak non egin erabakitzerakoan, Europar Batzordean zein energia saritzen duen eta zein ez adierazten du zerrenda horrek. Polemika bizia eragin du ordea, nuklearra eta gasa transiziorako energia gisa sailkatu dituelako eta beraz, etiketa berdea jartzeko proposamena egin duelako.

Unai Pascual BC3ko ikerlariarentzat oso kezkagarria da Europako Batzordeak osatu duen taxonomia,  klima aldaketaren aurkako borrokan egin behar den iraultza energetikorako inbertsio erraldoiak behar direlako teknologian eta  horrelako mezuekin inbertsioak desbideratzeko arriskua dagoelako: energia berriztagarriak indartzeko ahalegin guztiak egin behar dira eta orain, inbertsioak egingo dituztenei, publiko zein pribatuei seinale hau bidaliz, nuklearra eta gasa berdeak direla esanez, argi eta garbi gerta liteke berriztagairrentzako den diru poltsatik zati handi bat horra desbideratzea, nuklearrera eta gasera".

Fernando Plazaola EHUko zientzia eta teknologia fakultadeko dekano eta fisikariak argi utzi du bestalde, inondik ere ezin direla energia berdetzat hartu nuklearra eta gasa baina gogora ekarri du, energia berriztagarriek ez direla nahikoak gaur egungo energia kontsumoa asetzeko: "Zoritxarrez, gure energia berriztagarriak  aldizkakoak dira eta ez daukagu nahi adina. Eta oraindik ez daukagu biderik energia hori metatzeko, pilatzeko. Horrek arazo izugarria sortzen du".

Plazaolaren hitzetan, Europan bi eredu energetiko oso ezberdinak daude, kontrajarriak, Frantziarena alde batik, nuklearretan oinarritutakoa eta Alemaniarena bestetik, gasa hobesten duena eta oraindik ikatza ere erabiltzen duena: "Ez bata ez bestea ez dira berdeak baina biek nahi dute  berea garatu".Pascualek ere iritzi dio Europan talka argi bat dagoela Frantzia eta Alemaniaren artean baina bereziki nabarmendu du  energia nuklearraren industriak mundu osoan duen indarra".

Pascualek ohartarazi du  sahiesten ari den beste eztabaida oso garrantzitsu bat dagoela mahai gainean: "Ez dugu soilik energia nondik atera behar dugun eztabaidatu behar, zenbat kontsumitu behar dugun baizik eta ze langa jarri behar diogun kontsumo horri. Zientziari entzun behar zaio eta  inbertsioak oso azkar  bideratu energia berriztagarriek dituzten oztopoak gainditzeko baina konturatu behar dugu berrizktagarriekin bakarrik ezingo diogula gure kontsumo ereduari eutsi".