Faktoria
Ukrainako krisia
Mikel Reparaz: "Donetsk eta Luganskera tropak bidaltzen baditu, Errusiak 'de facto' okupatuko ditu"
MIkel Rotaetxe | EITb Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako Donetsk eta Lugansk eskualdeak independentzat jo eta biharamonean, aitortzak eragindako lurrikara geopolitikoa aztertu dugu Mikel Reparaz, Amaia Portugal, Amaia Uribe eta Olatz Urkia EITBko kazetariekin.
-
Valdimir Putin
14:49 min
Donetsk eta Lugansk Ukraina ekialdeko eskualde errusiazaleak errepublika independente dira, Vladimir Putinentzat, eta, ondorioz, Errusiar estatuarentzat. Errusiako presidenteak Segurtasun Kontseilua bildu du Kremlineko areto nagusian, eta sinatu du, Ukrainako krisian ez ezik, bere agintaldian ere, inflexio puntua eragin lezakeen independentzia aitortza. Ukrainako mugatik tropak erretiratuko zituela iragarri eta astebetera eman du urratsa, eta lasaitasun mezua zabaltzetik, zubi diplomatikoak lehertaraztera pasa da.
Mikel Reparaz ETBren nazioarteko arloburuak azaldu duenez, operazioaren ondorio praktikoa Errusiak Donetsk eta Lugansk okupatzea da: "Errusia eta Ukrainako armadak aurrez aurre egotera pasako dira, eta Moskuk 'de facto' okupatuko ditu Donbaseko eskualdeak". Errusiako eliteak Ukrainarekiko duen irudia xehetu du Reparazek eta nabarmendu du Putinentzat "Ukraina Errusia dela". Amerikako Estatu Batuen erreakzioa bildu digu Amaia Uribe New Yorkeko berriemaileak, Europako Batasunarena Amaia Portugal Bruselako berriemaileak, eta Txinarena Olatz Urkia Beijingo berriemaileak.