Itxi

Faktoria

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Ukrainatik datozenentzako etxebizitzak behar direla adierazi du Gizarte Politiketako sailburuordeak

Onintza Aiestaran | EITB Media

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearen arabera, Ukrainatik datozenentzat etxebizitza duin bat lortzea da presa gehien daukana. Aurrera begira, ordea, boluntarioak beharko omen dira pertsona horiei hizkuntza erakusteko edo hemengo bizimoduaren berri emateko.

  • Lide Amilibia

    Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea, Euskadi Irratian

    14:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ukrainako gerra hasi zenetik dagoeneko 2,3 milioi pertsonak ihes egin dute herrialdetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordeak emandako datuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak Ukrainatik datozen errefuxiatuak hartzeko prestatzen ari dira eta Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearen arabera, etxebizitzak behar dira, "hori da une honetan presa gehien daukana". Horrela mintzatu da Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.

Aurrera begira, boluntarioak ere beharko direla aurreikusi du, iristen diren pertsona horiei hizkuntza erakusteko edo hemengo bizimoduaren berri emateko, elkarte ezberdinetara joaten laguntzeko".

Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zenbat ukrainar heldu edo helduko diren galdetuta, onartu du oraindik ez dutela datu zehatzik: "Ez dakigu ehundaka edo milaka iritsiko diren".

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen datuekin bi agertoki aurreikusi ditu: 500 eta 700 artean iristea edo 700 eta 3.000 artean izatea. Lide Amilibiak argi utzi nahi izan du horrek ez duela esan nahi martxoaren amaierarako 3.000 ukrainar iritsiko direla: "Martxoaren amaieran seguru datu gehiago izango ditugula eta gure hurbilketa zehatzagoa izango dela".

Ostiral honetan bertan, 150 lagunentzako tokia izango duen aterpe bat inauguratuko du Eusko Jaurlaritzak Irunen.

Lehendik zabalik dagoen Hilanderaseko zentroan (Irun) transitoko migratzaileei babesa ematen jarraituko dute. Aterpe berria, ostera, ukrainarrei zuzenduta egongo da. "Hau lehen une baterako izango da. Aterpe bat, oso duina, baina denbora luzean bizitzeko etxebizitza edo beste errekurtso batera jauzi egin behar da".

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegora iritsitako ukrainarrei ahalik eta harrerarik egokiena eman ahal izateko, errefuxiatuak ekartzeko ekimenen berri errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean jakinarazteko eskatu du sailburuordeak.