Faktoria
'Martutene' irakurketa
Ramon Saizarbitoria: "Uste dut lortuko dudala nobela bat gehiago idaztea"
Jone Larrañaga | IETB Media
'Martutene' liburuaren irakurraldi jarraitua abiatu eta segidan hitz egin du Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak literaturaz eta euskaraz. Euskaldun izatearen nekeak azpimarratu ditu berriz ere, eta iritzi dio “onartu beharra daukagula sekula ez garela normalak izango”.
-
Ramon Saizarbitoria, Arriagan
7:34 min
Ramon Saizarbitoriaren arabera, gaur egun, elebitasunaren izenean, gehiago baztertzen da euskara: "Beti dago euskaraz ez dakien norbaiten aitzakia erdaraz hitz egiteko. Esango nuke", esan du, "asko poztu ere egiten direla euskaraz ez dakien norbait egokitzen zaienean ondoan gazteleraz hitz egiteko". Idazle donostiarrak uste du normalizazioa urruti dagoela. "Uste dut ez garela normalak, eta, beharbada, ez garela normalak izango eta ohitu egin beharko dugula ez-normaltasun horretan bizitzen", iritzi dio.
Bilbo Zaharra euskaltegiak Saizarbitoriaren Martutene eleberria aukeratu du Klasikoen 15. irakurketa jarraiturako. Irakurraldia abiatu ondoren mintzatu da Saizarbitoria "Faktoria"n. Horrelako ekitaldiek hedabideetan euskal literaturaz hitz egiteko aitzakia behintzat ematen dutela esan du, eta iragarri beste nobela batean ari dela lanean. "Oraingoan uste dut badudala nobela bat egiteko bidea. Ez dakit nobela izena lortuko ote duen. Baina, bai, uste dut lortuko dudala nobela bat gehiago idaztea", amaitu du.