Itxi

Faktoria

Indarkeria Mexikon

Carla, iheslari mexikarra: "Anaiaren tatuajeak identifikatu nituen; gasolina-upel batean sartuta erre zuten"

MIKEL ROTAETXE | EITb Media

Ama eta hiru seme-alabak hartu eta Michoacandik ihes egin du Carlak. Kartelek anaia eta koinata hil berritan, heriotza-mehatxuak eta poliziaren ustelkeria salatu ditu Mikel Reparazek egin eta Faktoriak eskainitako elkarrizketan. Maider Zilbeti Mexikoko gobernuan aritutako ikerlariak osatu du mahaia.

  • Carla

    Carla

    24:56 min
imagen player
imagen player
imagen player

Carlak ez ditu 30 urteak bete, baina dagoeneko aurpegia eta ahotsa jarri dizkie Mexikoko indarkeria zurrunbiloaren biktimei. Hiru seme-alabak amaren laguntzarekin hazi behar izan ditu Michoacan estatuko Ciudad Hidalgon, haurren aitak arrastorik utzi gabe desagertu zirelako; lehenbizi bata eta gero bestea. Eta ihes egin du, azkenean, anaia eta koinata desagertu eta hilik aurkitu dituztelako. Mikel Reparaz EITBren nazioarteko arloburuak elkarrizketatu du, indarkeria jasan duten emakumeentzako Ciudad Juarezko zentro batean, Ciudad Hidalgotik 1.700km-ra.

"Sare sozialetan jarri nuen anaia eta neska-lagunaren bila geundela", azaldu du Carlak, "eta mehatxuak jasotzen hasi nintzen, guztia ezaba nezan". Reparazek azaldu du Correatarren karteleko kideak aritu zitzaizkiola mehatxuka. Beldurrez salaketa jarri eta gutxira deitu zioten komisaldegitik. "Poliziak galdetu zidan ea gai nintzen anaiaren tatuajeak ezagutzeko", esan du Carlak, "eta argazkitan ikusi nuen anaia, erreta, haurdun zegoen bikotekidearekin batera gasolina upel batean kiskalita". Amesgaiztoa hasi baino ez zen egin, ordea, eta Faktorian aireratutako elkarrizketan azaldu du emakume gazteak anaiaren desagertzetik, ihes egin eta Ciudad Juarezera heldu arteko bidea.

Carlaren testigantzak bidelagun izan du Reparazen kontakizuna. Ciudad Hidalgo gatibu hartu duten kartelak sailkatu eta azaldu ditu, herritarrei mehatxu eta estoriso egiteko bideak, eta polizia eta erakundeen gainean duten kontrola. Alboan izan du Maider Zilbeti antropologoa. EHUko irakasle eta ikerlaria da, HAIZUR giza eskubide eta garapen jasangarrirako aholkularitza taldeko kidea eta bost urtez Mexikoko Barne ministerioan, Berdintasun Unitatean aritutakoa. Mexikon ikusi eta bizitakotik, behartutako desagertzeez aritu da Zilbeti, feminizidioez, bortizkeria eta indarkeria matxista legitimatzeaz eta emakume indigenen borrokak ekarritako itxaropen-izpiaz.