Faktoria
Afganistan. Urte
Nilofar Bayat errefuxiatua: "Talibanak genero apartheida egiten ari dira Afganistanen"
Nilofar Bayat emakumeen eskubideen ekintzaileak 'Faktoria'n salatu du talibanak protesta egiten duten emakume batzuk taldean bortxatzen ari direla.
-
Nilofar Bayat. Argazkia: EITB Media
22:45 min
Irribartsu aurkitu dugu Nilofar Bayat. Urtea pasa da talibanek Afganistango agintea hartu zutela eta Bayat ihesi Bilbora iritsi zela. Azken asteetan albiste onak izan ditu. Sorterrian utzi zituen gurasoak, neba-arrebak eta koinatuak Euskal Herrian dira.
"Talibanak euren bila bitan joan ziren eta jabetu ginen egoera ez zela segurua eurentzat. Ateratzean lortu dute eta hemen dira", azaldu du elkarrizketatuak. 18 senide dira orain, "milia handia" onartu du pozik baina, gelditu dira beste asko Kabulen.
Senide eta lagunen bitartez jasotzen ditu Nilofar Bayatek azken albisteak. "Egoera ikaragarria da, latza", esan digu. "Eskola eta unibertsitateak itxita, 300 egun badira neskek ezin dutela ikasi eta kalean burka eraman behar dute". Bayat sorterritik aritu izan da bere emakume herrikideen eskubideak defendatzen eta orain atzerritik oso kezkatuta ikusten du gertatzen ari dena: ''Genero apartheida egiten ari dira talibanak, gizartearen erdia, emakumeak, suntsitu nahi dituzte. Emakumeak garelako ez dugu bizitzeko eskubiderik".
Talde bortxaketak
Komunikabideetan azaltzen ez diren jazarpen-ekintzak kontatu ditu 'Faktoria'n, Nilofar Bayat'ek. "Jakin dudan latzena da, talibanek protestan ari zen neska bat bahitu, jipoitu eta taldean bortxatu zutela", azaldu du.
"Preso dituzten ekintzaileekin ere berdin jokatu dute, bortxatu, erietxera eraman eta atzera kartzelan sartzen dituzte". Emakumearen aurkako krimen larria, "gizarte osoarena" erantsi du Baya-ek, herrialdean bertan emakume horiek baztertzen dituztelako. "Lehenengo bai, gizon horiek egiten dute hori eta ondoren familiak, gizarteak berak, bakarrik uzten zaitu", adierazi du.