Faktoria
TDAH sindromea
Markel eta Jon, TDAH sindromea diagnostikatu diete: "Frustrazioa sentitzen dut ez didatelako ulertzen"
OIhane Yustos | EITb Media
Arreta gabezia eta hiperaktibitateari, TDAH delako sindromeari, buruzko tartea osatu dugu Itsaso Martí neuropediatrarekin eta Ainize Berrotaran TDAH sindromea duten bi semeren amarekin. Sindromea duten bi mutilen testigantzak ere bildu ditugu.
-
Arreta gabezia eta Hiperaktibitatea. Aintzane Berrotaran gurasoa eta Itxaso Marti neuropediatra
28:35 min
Markelek 14 urte ditu, Jonek 10 eta biei arreta gabezia eta hiperaktibitatea sindromea diagostikatu diete. Oso erraz azaltzen dute gertatzen zaiena, 'ezin zara geldirik egon, urduritasuna eta arreta gabezia' kontatu du "Faktoria"n Markelek. Jonek erantsi du, 'arrotu egiten direla' eta horregatik laguntzen die goizero hartzen duten botikak.
Ingurukoekin, lagunekin ere hitz egiten dute euren diagnostikoari buruz: "Galdetzen didate askotan medikamenduak gosea kentzen didalako eta esaten diet kontrolik gabe jaten dudala, baina botikarekin hobeto kontrolatzen dudala".
Markelek eta Jonek kontatu dituzten horiek bere etxean ikusi ditu Ainize Berrotaranek. Berak bi seme ditu eta biei diagnostikatu dioete arreta gabezia eta hiperaktibitatea. Kosta egin zitzaien zutena zer zen jakitea eta asko lagundu die TDAH duten familien elkarteak; "egunerokoan ze bide jarraitu erakutsi digute, zuk ez baduzu zure jarrera aldatzen ez duzu ezer lotuko, beste toki batean jarri behar duzu", esan du.
Itsaso Martí neuropediatraren bulegora egunero iristen dira Markel eta Jonen moduko kasuak, "sindromea" esaten dio berak arreta gabezia eta hiperaktibitateari, ez gaixotasuna. Gakoa da, bere hitzetan, "arreta gabezia hori betidanik izatea, izateko era bat, arreta falta hori beti izan du haur horrek". Ohikoa da familia batean kasu bat baino gehiago azaltzea, izan ere, "ez dago gen bat identifikatua honekin baina, familiatan doa, horregatik gurasoei galdetzen diegu bietako zenek izan duen sindromea. Altuera bezala, gurasoak altuak badira, gurasoek TDAH izan badute, haurrak izateko aukera gehiago dago".
Baina, profesional guztiak ez daude diagnostikoarekin ados. Haur psikiatrian adibidez, bada korronte bat eta bertan daudenen ustea da "errazegi diagnostikatu eta botikak ematen zaizkiela" haurrei eta kasu askotan ez dagoela TDAHrik, haurrak bestelako gaitz bat duela eta diagnostiko horrek zaildu eta estaltzen duela. Marti neuropediatrak onartu duenez, "egia da arreta gabezia izan daiteke sintoma bat bera bakarrik eta beste gauza batzuekin lotuta dagoela. Baina, ikusten dugunean umea betidanik horrela izan dela, ez duela animo arazorik, hor ikusten dugu hau aspalditik horrela dela".
Azken ikerketen arabera, gaitzaren hedapena ez da handitu. Haurren % 5 inguruk duela uste da, 'horrek esan nahi du 20tik batek duela, gela bakoitzean gutxienez kasu bat dagoela' gaineratu du Itsaso Martí neuropediatrak.