Itxi

Faktoria

Makina-erreminta

Ortueta: "Gazte gutxi dago eta arazo horri lau eguneko lanastea gehitzeak arazo bat gehiago dakar"

EIDER ARANBERRI | EITb Media

Makina Erremintako Klusterreko zuzendari nagusiaren hitzetan, "begirada luzea" behar duen gaia da honakoa. Izan ere, gizarte mailan dugun erronka "izugarria" da etorkizunera begira, eta neurriak hartzen hasi badira ere, datozen urteak "zailak" izango dira oraindik.

  • Xabier Ortueta

    Xabier Ortueta Makina Erremintako Klusterreko zuzendari nagusia Euskadi Irratiko 'Faktoria'n.

    21:31 min
imagen player
imagen player
imagen player

Martxoaren 8aren atarian etorri da Xabier Ortueta Makina Erremintako Klusterreko zuzendari nagusia Euskadi Irratiko 'Faktoria'-ra, eta sektorean dagoen emakume falta gizartearen "arazoa" dela esan du bertan: "txikitan, orientazio profesionalari begiratzen diogunean, ez dugu industria emakumeentzako leku bezala ikusten. Ez du gizarteak ikusten, ez dute gurasoek ikusten, eta ez du pertsonak berak ikusten". Horregatik, ohartarazi du "makina erremintarena sektore aproposa dela, oso polita, ondo ordaintzen dena, pertsonak zaintzen dituena eta profesionalki garapen izugarria duena".

Espainiako Ministroen Kontseiluak bihar onartuko duen Parekidetasun Legeari dagokionez, berriz, "errotik" landu beharreko gaia dela iritzi dio. "Makina erremintan hasi dira emakumeak zuzendari postuetara iristen, baina ez da egun batetik bestera lortuko den aldaketa.

Gainerakoan, egungo testuinguru ekonomikoari dagokionez, zuhur hitz egin du aurreikuspenak "oso aldakorrak" direla ohartarazita, baina baikor ere azaldu da ezer txarrik gertatzen ez bada urtea ondo bideratuko dutelakoan. Hala ere, inflazioa arazoa da, ekonomia berotzen du, eta horri aurre egiteko errezeta hiru faktoreren arteko oreka dela dio: "ekonomia hoztea, baina ez geratzea eta finantzaketa ez garestitzea". Bada, bide horretan, atzerriko merkatuan inbertsioak egiteko aukera ikusten du Ortuetak, batez ere, Estatu Batuetan. Izan ere, azken 20 urteetan, estatu mailako erreminta kontsumoa asko jaitsi da, eta epe luzera, hori, "kezkagarria" da.

Eta kezkagarria era berean, txipen gabezia. Larritasunak igaro bai, baina arazoa ez da erabat konpondu Ortuetaren iritziz, eta Europak indar handiagoa izan behar du. Nolanahi ere, inbertsioak egin nahi izatea ez da erraza, oso garestia delako eta epe luzeak behar direlako.