Itxi

Faktoria

Ernalkuntza

Eztabaida zabaldu da obuluen eta espermatozoideen dohaintzak anonimoak izan ez daitezen

Jone Larrañaga | EITB Media

Lege aldaketa aldarrikatzen du Katalunian donazioen seme-alabek sortu duten elkarteak. Haiekin bat eginez, eztabaida zabaldu eta fokua helduengan jarri beharrean haurrengan jartzeko beharra azpimarratu du Itziar Alkorta adituak. Gorka Barrenetxea ginekologoak jakiteko eskubide mugatua defenditu du

  • Obulu baten ernalketa aritifiziala

    Obulu baten ernalketa aritifiziala

    22:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gurean, haurren %20 dira lagundutako ernalkuntza bidez etorri dira mundura. Kalkulatzen da horien artean herenak direla espermatozoide edo obuluen donazio bidez jaiotakoak. Teknika horiek 90eko hamarkadan zabaldu ziren gure artean eta modu horretan jaiotako lehen seme-alabak orain hasi dira euren jatorria zein den jakin nahian. Guraso biologikoa zein duten jakin nahian ere bai. Katalunian elkartea sortu dute Espainian indarrean den legea aldatzeko. Dohaintzen anonimotasuna erabat utzi nahi dute bertan behera.

Maria Sellés da 'Associació de Fills i Filles de Donants' elkartearen sortzailea.  Emaile baten haziarekin inseminatu zen ama soltera baten alaba da. Jakin nahi du aita nor duen, eta, batez ere, eztabaida bultzatu. Klinka pribatuen negozioa salatzen du: guraso izatea eskubide bat dela sinestarazi nahian ari direla dio. Helduengan beharrean fokua haurrengan jarri behar dela defenditzen du irmo: "Nahi duguna da abolizio erabatekoa. Ez dugu nahi ez sitema mistorik, ez antzekorik. Zuzenean eragiten digun gai bati buruz guk erabaki ahal izatea nahi dugu. Helburua gu geu gara. Eta ez dugu nahi beste pertsona batzuk erabakitzea guri buruz, gure harremanei buruz edota guk izan dezakegun informazioaren mailari buruz", adierazi du. "Duintasun kontu bat da", gaineratu du "duintasuna eta giza eskubidea; haurrek euren familiaren jatorriaz jakiteko duten eskubideaz ari baigara".

Itziar Alkorta

Itziar Alkorta



Aldarrikapen hori munduan beste leku askotan egin dute aurrez. Erresuma Batuan, lehenik. 2005ean abolitu zuten anonimotasuna bertan. Geroztik, 20 herrialdek egin dituzte lege aldaketak ildo horretan. Baina Espainian ez da 1988ko legea berrikusi.  Itziar Alkorta EHUko zuzenbide irakasle eta bioetikan adituak dio, lege hori "permisiboegia" dela baina kostako dela aldatzea mundu mailako potentzia delako Espainia erreprodukzioaren arloan. Adibide bat ere jarri du: "Espainian erauzten dira Europan ezartzen diren obuluen erdiak baio gehiago". Alkortak adierazi du, maiz, obulu emaileen errealitea ezkutuan geratzen dela eta egin behar dela argia. Horregatik jo du hain inportantea eztabaida egiten hastea eta euren jatorri biologikoaz informazio guztia nahi dutenen ahotsa entzutea.

Gorka Barrenetxea

Gorka Barrenetxea

Gorka Barrenetxea EHUko ginekologia irakasle da eta 'Bilbao Reproducción' klinikako sortzaileak iritzi dio donazio horietatik sortutako umeek badutela euren jatorriaren berri jakiteko eskubidea. Baina ez eskubide absolutua. "Gurasoek esan beharko liekete umeei in vitro haurdunaldi batean jaio zirela eta, adibidez, amak ezin zuelako emaileen gametoak erabili zirela. Hori jakiteko eskubidea badu haur horrek. Baina jakin behar du zein izan zen emailea? zergaitik eta zertarako?", egin du galdera.

Barrenetxearen arabera, anonimotasuna altxaz gero, desagertu ere egin litezke doaitzak. Itziar Alkortak, aldiz, azaldu du Erresuma Batuko esperientziak erakusten duela emaileen soslaia aldatu bai baina ez direla desagertzen.

Eztabaida zabaltzeko ahalegina egin nahi du Katalunian sortutako elkarte berriak eta dei egin die Euskal Herrian donazio bidez jaiotakoei euren eskaerara batu daitezen.