Faktoria
RUBIALES AUZIA
Manu Diaz: "Sydney-koa larria da baina kudeaketa ere ez da egokia izan. Irtenbide bakarra dimisioa da"
Luis Rubialesek Munduko Futbol Txapelketan izan duen jarrera larria dela uste du Manu Diaz de Marcos Euskadiko Futbol Federazioko presidenteorde eta Gipuzkoako Federazioko presidenteak. Dimisioa zuzenean eskatu ez duten arren, irtenbide bakarra hori dela iritzi dio.
-
Manu Diaz de Marcos, Euskadiko eta Gipuzkoako Futbol Federazioa
21:09 min
Euskadiko Futbol Federazioak, Gipuzkoakoak bezala, oso larria dela uste du Luis Rubiales Espainiako federazioko presidenteak Munduko Futbol Txapelketa irabazi ondoren jokalari bati burutik eusti eta musu eman izana. Dimisio eskaera zuzenean egin ez duten arren, Manu Diaz de Marcos Euskadiko presidenteorde eta Gipuzkoak presidenteak uste du irtenbide bakarra hori dela. Sydney-ko finalean gertaturikoa ez ezik, ondoren izan den kudeaketa ere ez du egoki ikusten.
Gaurko, abuztuaren 25erako, Madrilen deitu duten ez-ohiko asanblean ez zegoen Rubialesen auzia gai zerrendan, eta beste foro batzuk egokiagoak direla iritzita egin diote uko euskal ordezkariek bilerara joateari. Beste asanblea mota bat eta beste gaitegi bat egokiagoa litzateke Manu Diaz de Marcosen ustez, aurrez aurre eta zuzenean euren jarrera helarazi ahal izateko. Rubialesen dimisioa iritsi ezean, Espainiako Federazioaren baitan dituzten karguak uzteko prest agertu da. Euskadiko eta Gipuzkoako federazioen bizkortasuna azpimarratu ditu ordezkariak. Uneoro, lehen eskuko informazioa izan dutela azaldu du Euskadi Irratiko "Faktoria"n, gaineratuz lehen momentutik mugitu direla.
Azkenik, zorionez edo zoritxarrez, futbolak eragin handia duela gizartean dio Manu Diaz de Marcosek. Hori baliatu behar dela uste du, bide onetik lanean jarraitu eta emakumeen kirola hedatzen jarraitzen saiatzeko.