Faktoria
BULARREKO MINBIZI METASTASIKOA
Maider Estensoro: "Triburik gabe ez naiz ezer"
Jon Artano | eiTb Media
Gaixotasunari esker ikasi du albokoek zenbat eman diezaioketen. Txarretik ona ateratzen du Estensorok, baina baditu bestelako aldarrikapenak ere. Eraginkortasuna zientifikoki frogatu arren burokraziak botikak gaixoengana iristea asko luzatzen dutela salatu du.
-
Maider Estensoro, Miramongo EITBren egoitza atarian
20:12 min
Osasungintza publikoa zenbaterainoko altxorra den aldarrikatu du Maider Estensorok "Faktoria"n egin dioten elkarrizketan. "Ez dakit horren garrantziaz jabetzen ote garen, nik seme-alabei esaten diet: Ameriketako Estatu Batuetan bizi bagina ni hilda nengoke, edo zubipean biziko ginateke bestela".
Bere hirugarren umeaz haurdun zegoela diagnostikatu zioten bularreko minbizia Maider Estensorori. Eritasuna gainditu eta lanera itzultzeko prestatzen ari zela eman zioten bigarren kolpea: metastasia zuen. Sendatzen ez den gaixotasuna. Geroztik pasa diren hamaika urteetan "ziurgabetasuna maneiatzen" aritu dela kontatu du. Hiruzpalau astez behin joaten dela onkologoarengana, eta aldioro jartzen dela oso urduri medikuak esango dionaren zain.
Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan diharduen Iñurri elkarteaz ere aritu da Estensoro. Eta botikak laborategitik pazienteagana iristeko prozedurak arindu beharra azpimarratu du. Europako agintaritzak botiken efizientzia balioztatu ostean, Madrilek eman behar izaten die oniritzia, eta Osakidetzak gero. Eta bidean, denbora ihesi doa. "Urtebete baino gehiago pasatzen da zenbaitetan, urte eta erdi ere bai... tarte hori hil ala bizikoa da guretzat. Eta laburtu beharra dago".