Itxi

Faktoria

B Planeta

Izozki eta barazkien banaketa, auto autonomoan

MIKEL ROTAETXE | EITb Media

Elikagaiak hotzean eta gidaririk gabe garraiatzeko ibilgailu autonomoa ari dira eraikitzen Nafarroako NAITEC teknologia-zentroan. Euskal Herrian auto autonomoa ikustea "denbora kontua" dela esan digute Nere Garmendia eta Rakel Herrero ikerlariek.

  • NAITECen auto autonomoa (Nafarroako Gobernua)

    NAITECen auto autonomoa (Nafarroako Gobernua)

    31:56 min
imagen player
imagen player
imagen player

Konbustio autoen nagusitasuna aldi krepuskularrean dagoela dirudi; auto elektrifikatuak merkatzen ari dira eta salmentetan aurre hartu diete diesel ibilgailuei. XXI. mendearen lehen laurdena ixtear gaudela, badirudi autoa, furgoneta edo motoa ez ezik, mugikortasuna bera ari dela aldatzen. Nafarroako NAITEC teknologia-zentroan, esaterako, elikagaiak hotzean banatzeko ibilgailu adimendun eta autonomoa ari dira eraikitzen.

"Azken kilometroko banakaeta modu autonomoan egin dezakegu", azaldu digute Nere Garmendia eta Rakel Herrero ikerlariek "Faktoria"ko B Planeta tartean, "eta gidaririk gabe barazkiak, frutak, esnekiak edo izozkiak garraiatu eta herritarren eskura utziz". Hiru urteko proiektua ari dira egiten NAITECen, Frilac eta Mecacontrol etxeekin batera eta Nafarroako Gobernuaren eta Europako Batasunaren laguntzarekin. "Ibilgailuari sentsoreak, kamerak eta radarrak jarri dizkiogu", nabarmendu dute, "eta orain algoritmoak ari gara garatzen". Garmendiak eta Herrerok zehaztu dutenez, ezagutza teknologikoarekin batera, ezinbestekoa da dibulgazio-lana egitea, herritarrek auto autonomoarekiko konfiantza izan dezaten: "Denbora kontua da Euskal Herrian auto autonomoak ikustea eta herritarrei erakutsi behar diegu erabat seguru izan daitezkeela".

Mugikortasun autonomoaz gogoeta-mahaia osatu dute Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko transferentzia-arduradunak eta Markel Peñalba Retes Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariek. Baxoako filosofia azterketako galderei ere heldu diete.