Itxi

Faktoria

Pasaiako Portua

David Candelario, Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendaria: "2025a trantsizio urtetzat hartzen dugu"

Joan den urtean %2,2 jaitsi zen salerosgaien trafikoa Pasaiako Portuan. Urteko balantzea azaldu, eta 2025eko aurreikuspenak egin ditu David Candelario Portu Agintaritzako zuzendariak, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan.

  • David Candelario, Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendaria, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan

    David Candelario, Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendaria, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan

    23:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Nazioartean muga-zergak aipagai diren honetan etorri da Euskadi Irratiko 'Faktoria' saiora David Candelario, Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendaria. Gerta litekeen mugimenduen zain, kontatu du helburu nagusia dela "egungo aktibitatea sendotzea eta duguna zaintzea". 2024an, %2,2 jaitsi zen salerosgaien trafikoa Pasaiako Portuan, aurreko urtearekin alderatuta. Halere, "ez da datu txarra", Candelarioren iritziz, oreka bilatu ahal izan dutelako: autoen garraioa %16 jaitsi den urte berean, siderurgia %5 igo da. Horregatik, urtea "txukun" bukatu dutela dio: "zenbaki negatiboa izanik ere, ez diogu larritasunez begiratzen".

Siderurgia sektoreak du, hain zuzen, pisurik handiena Pasaiako Portuan: mugimenduen %57 jarduera horri loturik dago. Ibilgailuetan, berriz, egungo autoen salmentak eta arautegiek egoera "berezia" sortzen dute, Candelarioren ustez: "2025a trantsizio urtetzat hartzen dugu". Espainiako Estatuan bateria elektrikoak ekoizteko zentroak eraikitzear direla, sektoreari "buelta bat" ematea espero du. Kontainerren garraioa indartzeko asmoari dagokionez, berriz, "adi" egongo direla berretsi du, baina beste lehentasun batzuk daudela aitortu du.

Bilboko Portuarekin harreman estua dutela ere aipatu du Candelariok. Liga desberdinetan jokatzen dutenik ukatu du, bakoitzak indarguneak dituelako: Pasaiaren kasuan, "oso portu azkarra, arina izatea, eta merkantziak ondo kudeatzea". Aurtengo helburuetako bi "industriarekin lana indartzea" eta "arrain-lojaren lanak bukatu zein aparkalekua irekitzea" izango dira.