Itxi

Gertukoak

Hezkuntza eta Espazioa

Eskoletako patio berriak: inklusiboak, anitzak eta berdeak

Euskadi Irratia | Aritz Agirre

Hezkuntza metodologia berrietara egokitzeko eskolako patioa birmoldatzen hasi da Nafarroako ikastetxe ugari. Eskolaren filosofiari buruz uste baino gehiago adierazten baitu bere patioak.

  • 3:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Porlanezko patioak hobesten ziren lehen, eskola modernoaren adierazle. Orain berriz iturriak, itzaleko toki lasaiak, kolore biziak eta naturari lotutako elementuak bilatzen dituzte. Nafarroako Eskola kontseiluak sustatu du gogoeta prozesua. Izan ere, Hezkuntza paradigma berriei erantzuteko ezinbestekoa baita eskoletako patioak ere egokitzea. Futboleko pista mugatu eta patioaren erdigunetik baztertzea izan da eskola askoren lehenengo erabakia. Hortik aurrera, adin, genero eta zaletasun guztiak asetuko dituen guneak sortu nahi dituzte,  birziklatutako materialen bitartez.

Bernat Etxepare eta Mendigoiti

Nafarroan eskola askok abiatu duten prozesuaren adibide dira Txantreako Bernat Etxepare eta Mendillorriko Mendigoiti ikastetxe publikoak. Rokodromoa eta taldean jolasteko egurrezko mahai borobilak jarri dute Bernat Etxepareko patioan. Lurrean betiko joku klasikoak margotu dituzte eta patioko hormak marraztu dituzte, gertu nahiko luketen natura irudikatzeko: zuhaitzak, basoa, animaliak, gune berdeak.

Mendigoitin, berriz, eskolako eraikinean egin dute birmoldaketarik handiena. Bertako pasabideak ere jolastu eta ikasteko txokoak dira. Geletan ez dago arbelarik, ezta banakako mahairik eta zeharkako argiak, kuxinak, alfonbrak jarri dituzte, etxean baleude bezala. Betiere, haurra hezkuntza proiektuaren erdigunea izan dadin.  Irakaslearen rolak aldatu dituzte, baita ere.

Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko presidentearen esanetan, kostu gutxiko berrikuntzekin aldaketa handiak lor daitezke. Geletatik harago, ikastetxe osoa bihurtu behar da ikastokia. Etorkizuneko hezkuntzak espazio zabalak eta funtzio anitzekoak lortu nahi ditu, taldean modu kooperatiboan lan egiteko eta gune komunak partekatuz.