Itxi

Gertukoak

Ezkaba 1938-2018

Ihesaldirik handiena, sarraskirik gordinena

Euskadi Irratia/ Aritz Agirre

80 urte beteko ditu Ezkabako ihesaldiak maiatzaren 22an. Giza baldintzarik ankerrenetan bizi izan ziren preso horien memoria berreskuratu dute erakusketa honetan.

  • Ezkaba 1938-2018 erakusketa, Iruñeko Planetarioan.

    7:23 min
imagen player
imagen player
imagen player

Europako ihesaldirik handiena gauzatu zuten, baina tropa frankistek azkar harrapatu zituzten eta horietariko asko bertan fusilatu eta lurperatu zituzten, Ezkaba mendiaren inguruko herri eta bailaratan, hobi komunetan. Ezkabako presondegira Estatuko toki askotatik eraman zituzten presoak errepublikazaleak ziren, frankisten estatu kolpeari aurre egiteagatik zigortu zituztenak. 7.500 preso bizi izan ziren bertan baldintzarik okerrenetan, kontzentrazio esparruen pare, beren ideia eta militantzia politikoengatik: gaizki elikatuta eta erabat hoztuta Ezkaba mendiko gailurrean, 800 metroko altueran.

Iruñeko Planetarioan preso hauen argazkiak, oroitzapenak eta testigantzak erakusten dizkigu Ezkaba 1938-2018 erakusketak. Presondegiko hotsak eta bizipenak senti daitezke erakusketan berreraiki duten ziega horietako batean. 40 metro koadroko ziegatan 25 preso pilatzen baizituzten, putzuz eta hezetasunez betetako lurraren gainean lotan.

Era berean, 795 presok gauzatu zuten ihesaldi historikoaren kontakizun zehatza egiten dute erakusketan. 1938. urteko maiatzaren 22an, igandean, afaria zerbitzatzen ari ziren funtzionarioak harrapatu eta menperatu zituzten lehenik, eta banan-banan gero besteak, presondegiaren jabe egin arte. Baina soilik 3 presok lortu zuten Frantziarako muga gurutzatzeko helburua. Gainontzekoak atxilotu eta horietatik 206 fusilatu zituzten, harrapatutako tokian bertan.

Emakumeen elkartasun sarea

Ezkabako presoei laguntza eskaintzeko emakume ugarik sortu zuten elkartasun sarea eta antolakuntza bistarazten digu erakusketak. Emakume horietako batzuk senideak ziren, baina beste asko ezkerreko militante politikoak, Ezkabako presoei bisita egiten zietenak, zorriz betetako arropa garbitu eta janaria eskainiz. Segoviatik eta beste makina bat herritatik iristen ziren emakumeak Iruñera, eta bertan beren etxea eta aterpea eskaintzen zieten Nafarroako hiriburuko hainbat emakumek. Emakume horien izenak, bizitza historiak, testigantzak eta haien artean sortutako batasuna, elkartasuna adierazten digu erakusketak.

Iraganaren memoria kritikoa

Ezkaba erakusketaren ataletako batek xehetasun osoz islatzen du memoriaren berreskurapenerako elkarteek erakundeekin batera egin duten lan handia. 206 fusilatu horietatik  43 gorpu azaleratu dituzten exhumazioen berri ematen digute, baita horiek identifikatzeko sortu duten DNA bankuari buruzko informazioa ere. Ezkaba inguruko herri guztietan izan ziren Ezkabako ihesaldiaren eta ondorengo sarraskiaren lekuko. Baina isilpean gorde zuten ikusi eta entzundako guztia, errepresioaren beldur. Ezkabako presoak armarik gabe, oinutsik eta noraezean iritsi ziren haien herrietara eta fusilatu egin zituzten. Orduko lekukoak, artean haurrak zirenak, 80 urtetik gorakoak dira egun eta hain justu ere orain hasi dira beldurragatik izkutatutakoa azaleratzen, hil aurretik zama hori kendu nahian.

Memoriadun Eskolak programaren bitartez, Nafarroako Gobernuak exhumazio eta testigantza horien zuzeneko lekuko bihurtu ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleak, ekimen horietara gonbidatuta. Ezkabako gotorlekua sinbolo bilakatu nahi dute, belaunaldi berriei giza eskubideen urraketa guztiekin kritikoa izanen den memoria helarazteko.