Itxi

Gertukoak

Irabazlea,ekainaren 22an

Txupinazoa jaurtitzeko ametsak batzen ditu

EUSKADI IRRATIA | ARITZ AGIRRE

Iruindarrek ekainaren 21era arte dute epea 2018ko sanferminei hasiera nork emanen dion erabakitzeko. Motxila 21, “Rastrojo” unai beteranoa, Artearen Adiskideak eta Chrysallis dira lau hautagaiak.

  • 5:15 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hirugarren urtez, Iruñean aldaketa politikoa gorpuztu zenetik, Joseba Asiron alkateak herritarren esku utzi du txupinazoa nork botako duen erabakitzeko ahalmena. Betiere, sanferminetako mahaia osatzen duten elkarteek proposatu eta onartu dituzte lau hautagaitzak. Laurek Iruñea aberasten duten makina bat istorio eta esperientzia biltzen dituzte. Festaren eta hiriaren enbaxadore izatearekin amesten dute guztiek, lau haizetara zabaldu nahi dute haien mezua txupinazo garaian, mundu osoa begira dagoenean.

Iruñeko udaletxeko balkoitik 'Gora San Fermin' oihukatuz, Motxila 21 taldeko kideek aldarrikatu nahi dute haiek ere gizartearen partaide direla. Down sindromedun musikariek eta boluntarioek osatzen duten taldeak ospe handia lortu du azken urteetan. Kontzertuak eman dituzten plaza guztietan jaso dute gizartearen eta bertaratutakoen miresmena, Euskal Herrian, estatuan zein nazioartean ere. Taldearen arduradunek nabarmentzen dutenez, eskenatoki gainean ikusten dena baino askoz gehiago da Motxila 21. Eguneroko lana inklusioaren aldeko borrokan, eta Down sindromea duten gazte horiek bizitza zoriontsua eta normalizatua eduki dezaten.

Bere aldetik, Chrysallis Adin Txikiko transexualen familien elkartearentzat Txupinazoa eskaparaterik onena izan daiteke haien lanari ikusgarritasuna emateko: arazoak dituzten beste adin txikiko transexualek bere lana ezagutzeko eta babesa zein laguntza bila dezaten. Haientzat txupinazoa jaurtitzeko aukera aniztasunaren aldeko babes eta aldarrikapen historikoa litzateke.

Bestetik, sanferminekin loturarik zuzenena duen hautagaitza da “Rastrojo”rena, entzierroari eta zezenak zein korrikalariak gidatzen dituzten Unai guztiei aitortza egiten zaielako. Miguel Araiz, “Rastrojo”, entzierroko unaien artean beteranoena da. Iaz hartu zuen erretiroa, sanferminetan 45 urtez unai lanetan aritu ondoren. Rastrojok dioenez bere izenean aurkeztutako hautagaitza  pasioz eta talde lanean aritzen diren unai guztientzako saria da.

Azkenik, Artearen Adiskideak elkartearen hautagaitzak Iruñeko musika ondarea sortu eta zabaltzeko egin duten lan eskerga saritu nahi du, bere mendeurrenean. Pultso eta pua-ri lotutako musika tresnak sustatzen dituzte, bandurria eta lautea besteak beste, eta hiriko musika altxor ugari gorde izan dituzte. Era berean, Artearen Adiskideak elkartea Iruñeko musikari eta talde ospetsuren harrobia izan da. Bertatik hornitu dira, esaterako, La Pamplonesa udal banda eta Santa Zezilia musika Orkestra.