Gertukoak
Creacity proiektua
Hiriak batzen dituen harresia
EUSKADI IRRATIA | ARITZ AGIRRE
Elkarren arteko loturak indartu eta talde lanean batu egin dira Baiona, Iruñea eta Hondarribia. Oreka TX taldearekin batera ikuskizuna prestatu dute uda honetarako, haien anaikidetzearen adierazle.
-
4:45 min
Iruñea, Hondarribia eta Baionako harresietan izanen du oihartzuna Oreka TXen txalapartak. Creacity proiektuari esker hiru hiriek duten harreman eta batasunaren adierazpenik onena izanen da.
Talde lan honen helburua hiru hirien arteko pack turistiko bateratua eskaintzea da. Horrela, ibilbide eta eskaintza turistiko komuna eskainiko diote bisitariari, haien erdi aroko harresien ondare historikoa ezagutzera emateko, baina era berean, aisialdi, kultura eta gastronomia plan osagarriak eskaintzeko.
Izan ere, harresiak baino askoz gehiago partekatzen baitute Baionak, Iruñeak eta Hondarribiak: euskara, euskal kantak, dantzak, tokiko produktuen kalitatea, musika eta komuna den historia.
POCTEFA mugaz gaindiko programaren bitartez garatu dute Creacity proiektua, Europar Batasuneko FEDER diru-laguntzen finantzazioarekin. Hiru udalerrien lan koordinatu honek zinegotzi eta udal teknikoen agendak uztartu ditu proiektu zehatzen inguruan: hiru harresidun hirien marrazkiez osatutako liburua argitaratu dute, youtuber eta blogariekin antolatutako topaketak egin dituzte, baita hiru hirietako biztanleek parte hartu duten makina bat ekitaldi sustatu ere: Tokiko produktuen astea, Herri Kantak, Harresien bisita gidatuak, musika kontzertuak….
Harreman politiko kultural eta sozialak eragin ditu Creacityk, eta ereindako haziak uzta emanen du baita Europako diru-laguntzak agortzen direnean ere. Izan ere, hiru hirietako udalak prest daude etorkizunean elkarlan horri segida emateko, ongi ikasi baitute gisa honetako proiektuek euren marka berrindartu eta hurbileko eta kalitatezko turismo jasangarria lortzeko gaitasuna handitzen duela.
Musika eta zirku arteak uztartzen ditu Oreka TX taldearen 'Pikotailuke' musika ikuskizunak. Abuztuaren 2an estreinatuko dute Iruñean, 4ean Hondarribin eta abuztuaren 11-an Baionan.